Eba Blancoren iritziz, lege propioa garatzea biderik eraginkorrena da Madrilgo dekretuari aurre egiteko eta erizainei segurtasun juridikoa emateko, EAEk eskumen osoa baitu osasun prestazioak arautzeko.

EAEko Auzitegi Nagusiak erizainei preskripzio medikurik gabe txertoak jartzea ahalbidetzen zien Jaurlaritzaren agindua bertan behera utzita, EH Bilduk lege proposamena aurkeztuko du Legebiltzarrean Gobernu espainolaren dekretuak sortu zuen arazoa behingoz bideratzeko. Aipatu dekretuak ezinezko egin zuen erizainen preskripzioa eta, bistan denez, Jaurlaritza ez da arazoa konpontzeko gai izan. “Sistemaren eguneroko funtzionamendu egokia bermatzeko osasun zentroetan ohikoa izan dena ohikoa izaten jarraitu behar du, baina Madrilgo dekretuak hori guztia hankaz gora jarri zuen; orain guri tokatzen zaigu arazoa lege baten bidez konpontzea, eta horixe da EH Bilduk egingo duena”, esan du Eba Blanco legebiltzarkideak.

Blancok gogora ekarri du pasa den legealdian EH Bilduk lege proposamena aurkeztu zuela Legebiltzarrean, PSErekin batera, baina, tramitera onartu zen arren, legea ez zen azkenean onartu legealdia amaitu zelako. “Orain lege proposamen hari helduko diogu berriro –iragarri du Blancok– legeak segurtasun juridikoa emango dielako erizainei preskripzioa egin ahal izateko”. Azaldu duenez, “Gernikako Estatutuak eskumen osoa ematen digu osasun prestazioak arautzeko eta, beraz, erizainen jarduna ere arautzea ahalbidetzen digu”. EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “kasu honek ere agerian utzi du noraino iristen diren burujabetza faltaren ondorioak, eguneroko gauza ñimiñoetan ere Madrilek eragozten digulako euskal herritarrentzat onenak eta egokienak diren neurriak hartzea”.

@ehbildu_legebil