EH Bilduk Diputazio Iraunkorra deitzeko eskatu du Legebiltzarrean hainbat enpresen egoera oso larria delako. “EAJ eta PSEren erantzuna sekulako mespretxua da lana galtzeko arriskuan dauden ehunka langileentzat”.

EAJk eta PSEk bat eginda, Legebiltzarreko Mahaiak uko egin dio gaur Diputazio Iraunkorra deitzeari eta, “praktikan, zaplaztekoa eman die CEL, XEY, General Electric, CNA, La Naval, BSH, Ingemar… enpresetako langileei, euren lanpostuak kinka larrian dituzten ehunka langile horiei”, Iker Casanovak salatu duenez. Hainbat enpresatan egoera oso larria dela jabeturik, EH Bilduk Legebiltzarra (Diputazio Iraunkorra) hilabete honetan biltzeko eskatu du, euskal industriaren egoeraz hausnartzeko, dauden arazoak bideratzeko eta krisian dauden enpresei, eta langileei, irtenbidea emateko. EAJk eta PSEk, ordea, ezezkoa eman diote koalizioaren proposamenari.



Iker Casanovaren iritziz, “EAJ eta PSEren erantzuna larria, arduragabea eta iraingarria da; eztabaida irekitzeari uko egitea sekulako mespretxua da lana galtzeko arriskuan dauden ehunka langileentzat. Zer esango diete orain langile horiei guztiei, Legebiltzarrak ez duela ezer esan behar, ez duela ezer egin behar konponbidea bilatzeko? Zertarako dago orduan Legebiltzarra, honelakoetan ateak ixten badizkie langileei? EAJk eta PSEk eztabaida hori egin nahi dutenerako enpresa batzuk itxita egongo dira jada eta langileak, kalean. Finean, hori baino ez da gaur planteatu digutena. Egoera honetan talde politikooi exijitu behar zaigu arduraz jokatzeko; horixe da EH Bildu saiatu dena, proposamen bat aurkeztu dugu, Jaurlaritzak benetako politika industriala garatu dezan eta krisian dauden enpresetan egoera bideratzeko protokolo berezi bat indarrean jar dezan, orain arte krisi egoerek eztanda egin dutenean haren erantzuna geldoa, epela eta ez-nahikoa izan delako”.

@ehbildu_legebil