PPk salbu, beste talde guztiek bat egin dute, arrazoi humanitarioak direla eta. Barne ministroari kritika egin diote gehienez bi hilabeteko bizi itxaropena duten presoak soilik askatu behar direla esateagatik, horrela jokatzea legalitate eta gizatasun printzipioak urratzea litzatekeelako.

EH Bilduren legez besteko proposamen baten haritik, Legebiltzarra preso eriak kaleratzearen alde agertu da, arrazoi humanitarioek eta duintasun pertsonalak hala eskatzen dutelako. Zehazki, “eskumena duten agintariei eskatu die indarrean dagoen estatuko legedia eta nazioarteko estandar zorrotzenak aintzat har ditzatela gaixotasun sendaezin oso larriak dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzea eta espetxetik ateratzea ahalbidetzeko, arrazoi humanitarioak eta duintasun pertsonala dela eta”.

Julen Arzuagak adierazpen horren garrantzia azpimarratu du, “Gobernu espainolaren espetxe politika aldatzeko borrokan funtsezkoa delako indarrak batzea eta indar horiek gero eta anitzagoak izatea; hortaz, gaurkoa aurrerapauso handia da, PP salbu, beste talde parlamentario guztiok, EAJ, EH Bildu, Podemos eta PSE, alegia, kapazak izan garelako ados jartzeko eta gaixorik dauden presoak aske gera daitezela elkarrekin galdegiteko”. Arzuagaren irudiko, “gizartean dagoen adostasuna politikara ere ekartzea lortzen ari gara eta norabide horretan jarraitu behar dugu lanean, denon artean PP eta Gobernu espainolaren diskurtsoa eta jarduna defendaezinak eta sostengaezinak izan daitezela lortu arte”.

PPk salbu, gainerako alderdiek adostutako proposamenak jaso bezala, Legebiltzarrak Gobernu espainolari eta Espetxe Erakundeari gogorarazi die preso guztien “bizitza, segurtasun eta osasun eskubideak” babestu behar dituztela, eta, ildo horri jarraituz, eskatu du Espetxe Erakundearen Idazkaritzaren 3/2017 instrukzioa indargabetzea eta Barne ministroak adierazitako irizpidea zuzentzea. Izan ere, gehienez bi hilabeteko epean hil egingo diren presoak soilik askatzeko irizpideak “legalitate eta gizatasun printzipioak urratzen ditu eta halako erabakia ustez hartu beharko luketen medikuen printzipio deontologikoen kontra doa”.

@ehbildu_legebil