EAJ, PSE eta PPk bat egin dute eta Segurtasun Sailburuak ez du azalpenik eman beharko epaileak autoan salatu dituen hutsegiteei buruz.

Julen Arzuaga legebiltzarkideak gogor salatu du gaur Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoaren Batzordean nola jokatu duten EAJk eta PSEk, PPren babesarekin, Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak Cabacas auziko auto judizialari buruzko azalpenak eman ez ditzan. EH Bilduk haren agerraldia eskatu zuen Cabacas auziaren instrukzioa egin duen epaileak irregulartasun larriak egotzi diolako Ertzaintzari, sailburuak ezinbestean argitu beharrekoak, koalizioaren irudiko. EAJk eta PSEk atzera bota zuten eskaria Batzordeko Mahaian, eta gaur hala berretsi dute berriz ere, oraingoan PPren laguntzarekin.

Arzuagak gogora ekarri du autoak jasotzen duen kontakizunak “hutsegite profesional eta tekniko larriak” leporatzen dizkiola Ertzaintzari, Iñigo Cabacasen heriotza emaitza izan zuen operatiboari dagokionean, eta azpimarratu du inork ez duela kontakizun horren aurkako helegiterik aurkeztu. “Beraz, ontzat ematen da hor esaten dena”. Hori horrela, “sailburuak ez du ezer esan behar akusazio horien aurrean? Autoak dioena eskandalagarria da, baina sailburuak erantzun nahi ez izatea zeharo zantarra da, hutsegite profesional eta tekniko horiek ondorio politiko eta diziplinazkoak izan beharko lituzketelako. Ardura horiek garbitzea saihestu nahi dute, auzi horretan dauden erantzukizunak estaltzeko”.

@ehbildu_legebil