EH Bilduk, Podemosekin batera, lan eskaintza publikoa sei hilabetez atzeratzea proposatu du, epe horretan Ertzaintzaren Egokitzapen Plan bat egiteko. EAJk, PSEk eta PPk bat egin dute berriro ere, kontra agertzeko.

EH Bilduk, Podemosekin batera, Ertzaintzaren 27. Promozioaren Lan Eskaintza Publikoa sei hilabetez atzeratzea proposatu du gaur Legebiltzarrean, bitarte horretan Polizia autonomikoak dituen behar objektiboak aztertzeko eta, behin hori eginda, azterketa horren emaitzaren araberako lan eskaintza egiteko. Julen Arzuagak ohartarazi duenez, “zentzugabekeria da promozioarekin aurrera egitea benetan dauden behar objektiboak aldez aurretik aztertu gabe”. Hala ere, EAJk, PSEk eta PPk orain osatzen duten hirukoak berriz ere funtzionatu du, eta EH Bilduren proposamena atzera bota dute.

EH Bilduk Podemosekin adostutako erdibideko zuzenketak Ertzaintzaren Egokitzapen Plan baten beharra planteatzen zuen, horren arabera zehaztu ahal izateko Ertzaintzaren lan eskaintza publikoan atera behar den lanpostu kopurua. Planak kontuan hartuko lituzke zein diren gaur egungo ratio polizialak eta behar objektiboak, delinkuentziari buruzko tasen arabera, bai eta gastu eta aurrekontu aurreikuspenak ere. Halaber, aipatu planak aintzat hartuko ditu “belaunaldi erreleboari buruzko lehentasunak eta egokiak kontsideratu daitezkeen beste batzuk, betiere genero perspektiba gehituz, eta segurtasunean, emergentzietan, prebentzioan edo bizikidetzaren gatazkak konpontzeko eragina duten beste agentzia, okupazio edo erakundeen funtzio eta beharrak”.

@ehbildu_legebil