Julen Arzuagak salatu duenez, gaia epaitegietan oraindik irekita egotea aitzakiatzat hartu dute ardura politiko eta profesionalak ez garbitzeko.

EAJk eta PSEk Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoko Batzordeko Mahaian duten gehiengoa baliatu dute Segurtasun sailburuak Cabacas auziari buruzko azalpenak eman behar ez ditzan. EH Bilduk hala eskatu zuen maiatzean auzi horren instrukzioa egin duen epaileak ahozko epaiketa irekitzea erabaki zuenean, baina EAJk eta PSEk atzera bota dute eskaria, “judizialki ebazteko fasean dagoen gaia” delako aitzakia erabiliz. Julen Arzuagak, ordea, salatu du “hori aitzakia merkea baino ez dela Segurtasun Sailburua horren atzean ezkutatzeko eta auzi horretan dauden ardura politikoak, profesionalak, teknikoak eta diziplinazkoak garbitzea saihesteko”.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “bide penaletik kanpoko eremua politikoki jorratzea Legebiltzarrari dagokiolako, eta guk horretarako eskatu genuen Segurtasun sailburuaren agerraldia”. Izan ere, “auto judizialak egun hartako operatibo polizialaren ezegokitasunari buruzko azterketa sakona egiten du, eta argi dio Iñigo Cabacas hiltzea ondorio izan zuen kargak proportzionaltasun, zuhurtzia, behar eta segurtasun printzipioak urratu zituela. Inor ez da agertu gertatutakoaz epaileak egiten duen kontakizunaren aurka eta, beraz, frogatutzat eman daiteke. Bada, ez dago inolako arrazoirik sailburuaren agerraldia eragozteko, berak alde tekniko-politiko horretaz eman behar dituelako azalpenak, ez epaileei dagokien prozedura penalaz”.

@ehbildu_legebil