EH Bilduk zamaketaren sektorea arautzeko EAJk eta PPk inposizioa erabili izana salatu du. “Bilboko eta Pasaiako 550 zamaketariren enplegua arriskuan jarri dute”, leporatu die Iker Casanovak.

Madrilgo Kongresuak atzo bertan zamaketaren sektorea liberalizatzea –EAJk, besteak beste, PPri emandako babesari esker– onartu eta gero, EH Bilduk bi alderdi horien jokaera salatu du gaur Legebiltzarrean, inposiziora jo dutelako zamaketa arautzeko, sektoreko langileekin hitz egin eta negoziatu beharrean. Iker Casanovak kritikatu duenez, EAJk eta PPk Gasteizen eta Madrilen aurtengo aurrekontuak hitzartuta, bistakoa zen atzean bestelako akordioak ere bazeudela Rajoyri egonkortasuna emateko, eta horrek EAJ PPren politiken eta murrizketen konplize bihurtzen du.

EH Bilduko legebiltzarkideak “PPri txeke zuria ematea” leporatu dio EAJri, “eta horren ondorioa da, besteak beste, zamaketaren sektorearen prekarizatzea”. “Akordio horren bidez EAJk bizkarra eman die langileen eskubideei”, salatu du Casanovak, eta erantsi du “lehenengo eta behin langileen eskubideak bermatu behar direla eta, beste alde batetik, portuen eskuduntza eskatu behar dela, sektorea beste era batean kudeatzeko, langileen eskubideen errespetua aintzat hartuta, ez hemen errepikatzeko beste toki batzuetan ematen diren zapalkuntza eta esplotazio mailak”. Horren ordez, “EAJk eskumak hain gustuko duen liberalizazio gordinaren aldeko apustu egin du, PPri txeke zuria emanda”.

@ehbildu_legebil