Eva Blancok salatu du Osasun Sailak ez duela ezer egin Parlamentuaren akordioa betetzeko. “Are okerrago, ez du inolako asmorik, nahiz eta langabetu askok ezin botikak erosi euren egoera ekonomikoagatik”.

EH Bilduk Kontrolerako Osoko Bilkurara ekarri du gaur Legebiltzarrak berak pasa den martxoan hartu zuen akordioa, EH Bilduk bultzatua, Jaurlaritzari eskatzen ziona Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langabetu guztiei botiken doakotasuna ziurtatzeko. Eva Blancok agindu hori betetzeko eskatu dio Osasun Sailburuari, baina jaso duen erantzunak agerian utzi du Urkulluren Gobernuak “ez duela ezer egin langabetu guztiei botiken doakotasuna bermatzeko eta, are okerrago, Legebiltzarrak eman zion agindu horrekin oso deseroso dagoela eta ez duela betetzeko inolako asmorik, nahiz eta langabetu askok ezin botikak erosi euren egoera ekonomikoagatik”.

Blancok Legebiltzarrak martxoan hartutako akordioaren garrantzia azpimarratu du, Gobernu espainolak ezarritako botiken berrordainketaren konpentsazioak langabetu guztiengana hedatzea ahalbidetu behar duelako, gaur inolako prestaziorik kobratzen ez duten langabetuei bakarrik, eta urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten pentsiodunei, aitortzen baitzaie botikak doan eskuratzeko eskubidea. Martxoko akordioari esker 50.000 lagun gehiagok izango lukete eskubide hori, EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera. Bere iritziz, “Jaurlaritzak bermatu behar du inor ez dela bazter geratuko botikak ordaintzeko behar adina baliabide ekonomikorik ez edukitzeagatik; osasun arreta ezin da jendearen eros ahalmenaren menpe utzi, unibertsaltasun eta berdintasun printzipioak bermatuta egon behar direlako”.

@ehbildu_legebil

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Gaur Gasteizen erail dituzten bi emakumeak ditugu gogoan; haietako baten bikotekide ohiak hil ditu. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.