EH Bilduk jakinarazi duenez, Ingurumen Ministerioak ez dio SHESAri ingurumen baimena eman “gauzak gaizki eta nahikoa bermerik gabe egiten ari delako”. Hasieratik egin beharko du berriz prozedura osoa.

EH Bilduk ezagutzera eman du Ingurumen Ministerioak Estatuko Aldizkari Ofizialean gaur bertan argitaratu duen ebazpena, hidrokarburoen ustiapena zundatzeko Armentia-2 proiektuari buruzkoa. Mikel Oterok jakinarazi duenez, ebazpena “sekulako zaplaztekoa da SHESA eta Jaurlaritzarentzat”, ez dielako baimenik ematen Gasteiz ondoan egin nahi duten gas putzua zundatzeko, horrek ingurumenean izan ditzakeen ondorio kaltegarriak direla eta. “EH Bilduk beti esan du proiektu horrek ez zeukala nahikoa bermerik eta onartezina zela aurrera egitea ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio sinplifikatu batekin bakarrik, SHESAk eta Jaurlaritzak nahi zuten moduan. Orain Ministerioak ere argi utzi du ebaluazio sinplifikatua ez dela nahikoa, eta ebaluazio arrunta egiteko agindu du. Praktikan, horrek gas putzua etetea dakar, prozedura berriz ere hastea eta berme gehiagorekin egitea. Jaurlaritzak ahal bezain pronto zulatzen hasteko asmoa zeukan, baina orain proiektuak urtebete edo urte eta erdiko atzerapena izango du”.

Ondorio praktikoetatik harago, Ministerioaren ebazpenak inplikazio politiko handiak ditu, azpimarratu du Oterok, “agerian geratu delako SHESA, Jaurlaritzaren enpresa, gauzak gaizki egiten ari dela”. EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, “orain arte beti esan digute proiektuaren sustatzailea SHESA izatea bermerik onena zela ingurumena babesteko, baina orain ikusten da kontrakoa dela, proiektuak izugarrizko gabeziak dituela; Jaurlaritzak ere, beraz, badu erantzukizuna eta bere irudia ere jota ateratzen da, SHESA babesten duen neurrian”.

Gaur argitaratu den ebazpenak frogatzen du, Oteroren aburuz, Urkulluren Gobernua gaizki ari dela politika energetikoari dagokionean, “Armentia-2 proiektuaren atzean dagoen estrategia okerra dela, SHESAren existentzia bera zalantzan jartzeraino”. Horren ildotik, legebiltzarkideak uste du “horixe dela ireki behar den eztabaida, zer egin SHESArekin, azken urteotan enpresa horrek aurrekontu publikoetako 25 milioi euro xahutu dituelako, komun zulotik bota dituelako, hidrokarburoen aldeko apustu politiko oker baten ondorioz. Jaurlaritzak energiara bideratzen duen diru publiko guztia energia berriztagarrietara bideratu behar du, gaur egun %6 eskasa inbertitzen baitu horretan. Europan Luxenburgok bakarrik inbertitzen du gutxiago”.

@ehbildu_legebil