Larraitz Ugartek EAJ-PP akordioaren B aldea ipini du mahai gainean, euskal herritarrei ekarriko dizkien kalteak, eta Parlamentuak bat egin du salaketa horrekin.

EH Bilduren mozio bati jarraituz, Legebiltzarrak EAJk eta PPk Madrilen hitzartu dituzten Rajoyren aurrekontuak gaitzetsi ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrentzat oso kaltegarriak izango direlako. EAJ-PP itunaren muina ezagutu bezain laster EH Bilduk ohartarazi zuen akordio horrek euskal jendarteari ekarriko dizkion kalteez, eta gaur Legebiltzarrak berak bere egin du salaketa hori.

Ustelkerian zeharo murgilduta dagoen alderdi eta gobernu baten aurrekontuak babestu ez ezik, oso ondorio larriak izango dituzten politika zehatzak ere babestu ditu EAJk, salatu du Larraitz Ugartek. “Aurrekontu horiek txarrak dira espainiar Estatuko langile klaseentzat eta txarrak dira euskal herritarrontzat, txarrak gure pentsioak geroz eta eskasagoak direlako, txarrak gure lan harremanetarako eta negoziazio kolektiborako desaktibazioari esker lan baldintzak okertu direlako, txarrak zerbitzu publikoaren desegitea dakartelako. Aurrekontu horiek ez diote herri honetako errealitate sozioekonomikoari erantzuten, eta pentsioen kasuan, esaterako, nabarmen ikusten da hori”.

EH Bilduko legebiltzarkideak EAJ-PP akordioaren B aldea ipini du mahai gainean, EAJ ezkutatzen etengabe saiatzen dena, alegia. Hala, ohartarazi du EAJk PPrekin hitzartu dituen aurrekontuek, besteak beste, “Rajoyren austeritate politika eta murrizketak sendotuko dituztela, sektore publikoa eta zerbitzu publikoak guztiz desaktibatzeko; lan erreformak ekarri duen prekarietateari eta langileen eros ahalmenaren jaitsierari segida emango die eta pentsioek lotsagarriak izaten jarraituko dute; EAJ horren guztiaren konplize bihurtu da PPri eman dion babesarekin”.

@ehbildu_legebil

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Gaur Gasteizen erail dituzten bi emakumeak ditugu gogoan; haietako baten bikotekide ohiak hil ditu. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.