Nerea Kortajarenak Gizarte Politiketako sailburuari ohartarazi dio hatz marka exijitzeak DSBE kobratzen dutenen estigmatizazioa areagotzen duela. “Aski da pertsona horiek fidagarriak ez diren mezua zabaltzeaz”.

EH Bilduk Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabali eskatu dio gaur Legebiltzarrean atzera egin dezala eta Lanbiden aztarna digitalaren sistema ezartzeko egitasmoa bertan behera utz dezala, zerbitzu horren erabiltzaileei hatz marka exijitzeak Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) kobratzen duten pertsonen “estigmatizazioa areagotzea” dakarrelako. “Duintasunaz ari gara, aski da herritar horiek fidagarriak ez diren eta iruzurgileak diren mezua zabaltzeaz”.

Nerea Kortajarenak gogora ekarri du DSBEn dagoen iruzurra %1era ere ez dela iristen eta, beraz, neurrigabekeriatzat hartu du aztarna digitala erabiltzeko plana. “Lanbideri buruzko eztabaida termino egokietan kokatu beharrean, Jaurlaritzak hain txikia den iruzurrean jarri du fokua, ontzat emanda gainera Marotori pasa den legealdian EAJk eta PSEk atzera bota zioten proposamena”.

EH Bilduko legebiltzarkideak Arartekoaren eta Caritas bezalako elkarteen eskaerak eta iradokizunak aintzat har ditzala eskatu dio sailburuari, eta horiei jarraituz, aztarna digitalaren inguruko plana geldi dezala, “gelditzeko eta erreparatzeko momentua” delako.

Gaur bertan ere EH Bilduren ordezkaritza bat batzartuko da Bilbon DSBE duin baten alde gose greban dauden ekintzaileekin, koalizioaren babesa adierazteko. Arnaldo Otegi, Aitziber Ibaibarriaga, Josu Unanue eta Oskar Matute izango dira bertan.

@ehbildu_legebil