Miren Larrionek ezinbestekotzat jo du komunikazio kanalak zabaltzea Britainia Handian bizi den euskal komunitateari Brexit-az informatzeko, euren funtsezko eskubide batzuk jokoan daudelako.

EH Bilduren legez besteko proposamenari jarraituz, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio Erresuma Batuan ordezkaritza bat ireki dezala han bizi diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren galderak eta eskaerak jasotzeko eta informazioa eta aholkua emateko Brexit-ak izango dituen ondorioei buruz. Miren Larrionek azaldu duenez, “Brexit-ak euren egunerokotasunean eragingo die han bizi diren euskaldunei eta garrantzitsua da Jaurlaritzak komunikazio kanalak eskaintzea euren oinarrizko eskubideak daudelako jokoan, hala nola, beste herri batean bizitzekoa, lan egitekoa, jabegorako eskubidea, osasun eta hezkuntza eskubideak eta gizarte zerbitzu publikoak jasotzeko eskubidea”.

EH Bilduren ekimenez Legebiltzarrak onartutako erdibidekoak Jaurlaritzari eskatzen dio, halaber, mekanismoren bat martxan jar dezala informazioa emateko lan, ikasketa edo bestelako arrazoiengatik Erresuma Batura bertaratzea aurreikusten duten pertsonei, eta foro parte-hartzaile bat sustatu dezala Brexit-ak ekarriko duen egoera berria aztertzeko.

@ehbildu_legebil

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Gaur Gasteizen erail dituzten bi emakumeak ditugu gogoan; haietako baten bikotekide ohiak hil ditu. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.