Leire Pinedok eta Iker Casanovak salatu dutenez, “aurrekontu txarrak dira ez dietelako herritarren beharrei erantzuten eta ezinbestekoa den erreforma fiskalaren alorrean iruzur baten atarian kokatzen gaituztelako”.

EH Bilduk osoko zuzenketa egingo die EAJk PPrekin hitzartu dituen aurrekontuei, Leire Pinedok eta Iker Casanovak iragarri dutenez. “Aurrekontu txarrak dira ez dietelako herritarren beharrei erantzuten eta, are larriago, ezinbestekoa den zerga erreformaren alorrean iruzur baten atarian kokatzen gaituztelako”. Izan ere, “erreforma horren beharra ia guztiek onartzea lortu dugu, baina PPren parametroen arabera egiten bada, iruzur bat izango da eta ez du ahalbidetuko Jaurlaritzak gizartearen beharrak asetzeko behar dituen baliabide ekonomikoak edukitzea”. Hortaz, “arduraz jokatu nahi badugu, aurrekontu hauei ezetz esan behar diegu, Jaurlaritzaren gabeziak betikotzen dituztelako”.

Legebiltzarkideen iritziz, Urkulluren Gobernuak ez du inoiz inolako borondaterik izan EH Bildurekin akordio batera iristeko. “Proposamen egingarriak eta neurtuak egin dizkiogu, baina txeke zuria eskatu digu. Azpiazuk argi esan zigun bere proiektuan koma bat ere aldatzea ezinezkoa zela eta PP parametro horiek onartzeko prest zegoela”. Hori horrela, koalizioak ondorioztatu du “EAJk Euskal Herritik kanpo, ezkutuan, negoziatu eta lotu duela PPrekiko akordioa; EAJk Espainiara eta eskuinera begiratu du, eta gehiengo sozialari bizkarra eman dio”.

EH Bilduk prozesu horretan EAJk hartu duen bidea deitoratu du, “herri hau politikoki, sozialki eta ekonomikoki parametro sozialago, justuago eta aurrerakoiagoetan kokatzeko aukera geneukalako, Jaurlaritzaren aurrekontuak norabide horretan jarrita, enplegua, zerbitzu publikoak eta babes soziala indartzeko, baina EAJk erabaki du gehiengo sozialari bizkarra ematea eta PPri, eskua”.

@ehbildu_legebil