EH Bilduk beharrezkotzat jo du 2.000 irakasle gehiago txertatzea plantilla estrukturalean eta behin-behinekotasun tasa murriztea.

EH Bilduk proposamen zehatza egin du gaur Legebiltzarrean hezkuntza sistema publikoa indartzeko, azken urteotan kalitate aldetik izan duen beheranzko prozesua gelditzeko, baina EAJk, PPk eta PSEk muzin egin diote koalizioaren ekimenari. Nagusiki, Rebeka Ubera legebiltzarkideak hezkuntza sistemaren plantilla estrukturala indartzea proposatu du azken urteotan milaka lanpostu galdu direlako. Ohartarazi duenez, “irakasle gehiago behar ditugu, murrizketen ondorioz ikasle kopurua gero eta handiagoa delako ikasgeletan, eta horrek kalte egiten dio sistemaren kalitateari”.

Hala, EH Bilduk irakasleen plantilla 2.000 plazatan handitzea eskatu du, bai eta behin-behinekotasun tasa jaistea ere. Horretarako, bost urte baino gehiago behin-behineko egoeran lanean daraman plantillatik, modu progresiboan, 6.000 lanpostu egonkortu behar direla azaldu du Uberak, gogora ekarriz egun behin-behinekotasun tasa izugarri altua dela, %39koa, hain zuzen ere.

@ehbildu_legebil