EAJk PSE eta Podemosekin adostu duen erdibidekoak Polizia eta Guardia Zibila erretiratzeko aldarrikapen historikoa baztertu du, dio Arzuagak.

EH Bilduk Guardia Zibilaren, Polizia Nazionalaren eta Armada espainolaren erretiratze osoa aldarrikatu du gaur arratsaldean Legebiltzarrean, segurtasun arloko eskuduntza guztiak euskal Poliziek beren gain hartzera eramango duen prozesu baten baitan. EAJk, PSEk eta Podemosek, ordea, Segurtasun Indarren egokitzapena bakarrik eskatu dute, “eta hori –esan du Julen Arzuagak– ez da nahikoa horrekin batera plan bat eskatu eta egiten ez bada Guardia Zibila, Polizia eta Ejerzitoa gure herritik ateratzeko”.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du Estatuko Segurtasun Indarren erretiratzea euskal herritar gehienen aldarrikapen historikoa dela. Hori dela eta, deitoratu du EAJk aldarrikapen hori bazterrean utzi izana, jeltzaleek PSE eta Podemosekin adostu duten erdibidekoan Guardia Zibila eta Poliziaren egokitzapena baino ez dutelako eskatzen Gernikako Estatutuak ematen dizkien funtzioen arabera. Hori ikusita, Arzuagak gai horretan atzera egitea egotzi dio EAJri, 2013an Estatuko Segurtasun Indarren atzera-egitea eskatu zuelako eta gaur, ordea, Estatutuari egokitzearekin konformatzen delako, “eta horrek, finean, esan nahi du Polizia eta Guardia Zibilaren presentzia ontzat ematen dela”.

@ehbildu_legebil

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Gaur Gasteizen erail dituzten bi emakumeak ditugu gogoan; haietako baten bikotekide ohiak hil ditu. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.