Leire Pinedok frogatutzat jo du egungo zerga politikaren porrota. Horri buruzko eztabaida publikoa egiteari ezezkoa ematea egotzi die EAJ eta PSEri, erreforma ezinbestekoa delako zerbitzu publikoak bermatzeko.



EH Bilduren proposamenari jarraituz, Legebiltzarrak zerga politikaren erreformari buruzko eztabaida publikoa irekitzearen komenigarritasunaz eztabaidatu du gaur, baina, tamalez, EAJk, PSEk eta PPk bat egin dute bide hori zabaltzearen kontra. Leire Pinedok azaldu duenez, EH Bilduk eztabaida fiskala ohiko iluntasunetik ateratzea proposatzen zuen, alderdiek ez ezik, eragile sozioekonomikoek ere ekarpen eta proposamenak egin zitzaten.

Pinedok gogora ekarri du Ogasun sailburuak berak aitortu duela diru-bilketa handitu behar dela zerbitzu publikoen finantziazioa bermatzeko, eta salatu du nahikoa izan dela Confebask horren kontra agertzea EAJk sailburuak hasitako bidean atzera egiteko. “Bistakoa da patronala dela herri honetan zerga politikaren norabidea markatzen duena”, kritikatu du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta horren haritik eskari zuzena egin dio Urkullu lehendakariari. “Egin bat herri honen gehiengoarekin eta utzi Confebaski men egiteari”.

Pinedoren iritziz, diru-bilketaren jaitsierak agerian utzi du EAJk eta PSEk bultzatu zuten kontrarreforma fiskalak porrot egin duela erabat, EH Bilduk hasiera-hasieratik iragarri zuen moduan. Kontrarreforma haren ondorio da zerbitzu publikoak finantzatzen dituzten diru-sarrerak hain murritzak izatea eta instituzioen aurrekontuak estankaturik egotea. Horren aurrean, legebiltzarkideak egungo zerga politika aldatu beharra aldarrikatu du, bestela ezinezkoa izango delako kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea eta garapen soziala eta ekonomikoa bultzatzea.

@ehbildu_legebil