Serbiako eta Kroaziako polizia indarren arteko elkarlana inoiz baino hobea da. Errefuxiatuak ahalik eta azkarren "kendu nahi dituztelako gainetik". Elkarlana gaur goizean ikusi dugu Sid-eko checkpoint-ean. Berez tren geltokia, baina erabat militarizatuta, autobusez datozen errefuxiatuak korrika eta presaka igo daitezen trenera (ez da broma, inolako duintasunik gabe tratatu ditu poliziburuak gaur goizean). Serbiako Poliziak, kostata izan bada ere, azkenean utzi digu geltokian sartzen.

Handik, Kroazian sartu eta Slavonski Brodera joan gara, azaroaren hasieran ireki den kanpamendu berria ikustera. Erabat bukatu gabe badago ere, milaka errefuxiatu hartzen hasi da. Negurako prestatzen ari dira bereziki. Bataz-bertze zazpi bat ordu egiten dituzte bertan, Eslovenia aldera abiatu aurretik. Instalazioak onak dira, jateko pixka bat banatzen diete, atsedena hartzeko dendak, ur beroarekin dutxatzeko aukera dutela erran digu arduradun batek (ezin izan dugu konprobatu)... baina, bertze hainbat kanpamendutan bezala, polizien tratua ez da beti ona. Takar, kolpeka inoiz, errespeturik gabe... "Ez gara animaliak, pertsonak gara!", oihukatu digu Afganistango gizonezko batek trenetik. Parisko atentatuen ondotik, gainera, kanpamendu eta muga guztietan aunitz gogortu dituzte segurtasun neurriak eta protokoloak. Eta hori nabarmen ikusi dugu gaur, Sid-en eta Slavonski Brod-en

Bertako gestio zibila ematen duen arduradunarekin bisitatu dugu kanpamendua. Berez Europako Batzordeari lotua, finantziazio aldetik bertzerik ez bada ere. Bulgariako egoera azaldu diogunean, polizien krudelkeri kasu zehatz bat kontatzean, hasieran kezkatua agertu da, baina horretan insistitu eta hori onartezina dela erratean, "are gehiago Europar Batasunean" (gure europar diputatu rolean), azkenean zera galdetu digu: "Baina nongoak ziren? Nondik zetozen?". Guk, ja hagitz serio: "Iraketik, zergatik?". "Ah, baina horiei ez zaie asiloa ematen" (Europako hainbat estatutan ukatu egiten zaie, Bagdadekoei bereziki, "gune segurutzat" kontsideratzen hasi direlako...), Bulgariako poliziek, edo Dimitrovgradekoek, edo Slabonski Brodekoek pertsona bat jipoitzea justifikatuta balute bezala irakiarra edo afganoa delako, asiloa ezin duela eskatu erabaki duelako gobernuren batek edo bertzek. Edo azala iluna duelako, edo txikia delako, edo makal joan delako, edo azkarregi, edo auskalo zergatik... Izugarria.

Hirugarren eguna. Serbiako ekialde menditsua, Bulgariako muga. Dimitrovgrad. Herri txiki bat, lasaia. Herriaren amaieran, garai batean militarren koartela zena, gaur polizien etxea, eta azken hilabetoetan, errefuxiatuen kanpamendua. Edo antzeko zerbait. Txikia da, gaizki prestatua, eta hemen ordu gutxi batzuk bakarrik igarotzen badituzte ere, ez dira erosoenak. 300 inguru iristen dira egunero erraz.

Errefuxiatu gehienek Presevon barrena jarraitzen dute bidea Kroazia eta Eslovenia aldera, Austriara iristeko, eta handik Alemaniara edo Suediara. Gehienek. Hemendik datozenak, "Bulgariako bidetik", afganoak dira bereziki. Turkiatik Greziara ere aunitz pasatzen dira, baina Bulgaria zeharkatuz Serbian sartzen direnak pobreenak dira. Inork ez ditu maite, eta horrelaxe sentitzen dira. Etorri aurretik bagenekien Balkanetako biderik arriskutsuena "Bulgariakoa" zela. Honen berri bagenuen, eta ostiral honetan bertan Oxfamek enkargatu eta Belgradeko Giza Eskubideen Zentroak eginiko txostenaren berri izan genuen. ( https://dl.dropboxusercontent.com/content_link/NZUrOwXdTImseYS4Vhvzo0fGouD4q0Kms7M8sFUN0ONlRNvQryWK9nbOZnq3p2R2/file )

Zoritxarrez, txostenaren punturik okerrenak Dimitrovgraden jaso ditugun testigantzekin konnfirmatu egin ditugu. Hamabi mutil gaztek osatutako talde batekin hitz egin dugu, luze eta zabal, Polizi Etxea/kanpamenduaren kanpoaldean. Autobusean aldeginak behar zuten (gu iritsi aurretik kanpamendua hustu egin dutelaren sentsazioa genuen guztiok), baina billeteak ordaintzeko dirurik ez zutenez, han ziren oraindik (lasai, hauek ere bidea jarraitu ahal izan dute eta gauean, berandu, Belgradeko parkean ikusi ditugu, pixka bat hobeki, Sid-era eramango zituen autobusaren zain. Zorte pixka batekin, han ikusiko ditugu ordu batzuk barru berriro).

Bulgariako Poliziak denetik egin die: jo, lapurtu, jipoitu, txakurrak xaxatu hortzaka egiteko... Denetik jasan dute Serbiara iritsi aurretik (inork zalantzarik baldin badu, Bulgaria Europar Batasuneko kidea da, bai. Badaezpada).

Ohar txiki bat: orain arte ikusi eta ezagutu ditugun errefuxiatuak, ez guztiak, jakina, baina bai aunitz eta aunitz, irribartsu ikusi ditugu, alai ia, bidean aurrera egiten ari zirelako, helburua gertuago. Nekatuak, jakina, baina indartsu somatzen genituen. Hauek ez; Dimitrovgraden topatu dugun Afganistango talde hau txikituta zegoen. Fisikoki eta mentalki apurtuta. Trafikatzaileei orain arte ordaindutakoa, bidaiaren gogortasun izugarria (Iran, Turkia eta Bulgaria zeharkatu dituzte, eta aurreko biak gogorrak izan badira, Bulgaria latzena izan da, batez ere, edo are gehiago, "Europan" zirela uste zutelako. Hau da, ez Europa fisikoan bakarrik).

Hauen testigantza, eta gure salaketa, Europako Parlamentura eramango ditugu.

Ez da hau, ordea, Dimitrovgraden jaso dugun albiste lazgarri bakarra. Bertako Poliziak ere, Dimitrovgradeko Polizia serbiarrak alegia, errefuxiatuen oinarrizko giza eskubideak bortxatzen dituelako. Kasu honetan ere testigantzak ditugu. Kontrastatuak. Polizia. Gaua. Kolpeak. Beldurra. Eta, Dimitrovgrad utzi aurretik, ustelkeria taxistekin batera. Bertako Komandanteak, jakina, bere bertsioa saldu digu. Dena ongi, arazorik gabe. Eta Bulgariatik gutxi batzuk bakarrik iristen direla kolpeekin, hori ere esan digu. Gutxi batzuk. Espero zitekeena. Baina ez da guk ikusi eta jaso duguna.

Bertako aktibistekin elkarlanean ari gara kasu hauek guztiak salatzeko

Osoko bilkurak uztak balira, urriak uzta oparoa ekarriko digula erran beharko genuke, 5eko aste honetan eta 26koan hemen izango baikara, Estrasburgon. Bertze behin aipatu gabe hona etortzeak suposatzen duen despilfarro edo diru xahutze ikaragarri eta onartezina, uzta uste dena baino ttikiagoa izanen dela erran genezake. Har dezagun, errate baterako, aste hau: Angela Merkel eta François Hollande izango ditugu hemen, plenoan, asteazkenean, etzi. Biak elkarrekin datoz, 1989an Helmut Kohlek eta François Mitterrandek egin zuten antzera. Orduan Gerra Hotzaren amaiera aldarrikatzera etorri ziren. Orain ez dakigu, egia erran, zer ekarriko diguten Merkelek eta Hollandek eta zer errango duten. Jakin badakigu zertaz mintzatuko diren (Siriako gerrak eragin duen errefuxiatu "krisia", Greziako egoera eta politika ekonomikoa izango dituzte aipagai "Europar Batasuneko egoera" lelopean), baina ez da espero berri handirik. Dakiguna, ordea, zera da, taldeetako buruei bakarrik utziko zaiela hitza hartzen bien diskurtsoen ondoren, eta Hollandek zein Merkelek erantzuteko tartea izango dutela ondoren. Eta hor bukatuko da debatea: diputatuok ez dugu hitzik egiteko aukerarik izanen, eta hori, horrela saldu badigute ere, ez da benetako eztabaida, debate itxura bertzerik ez. Bertze behin.

Nahi duenak, dena dela, Europarl-en jarrai dezake zuzenean (15:00): www.europarl.europa.eu/ep-live/en

Ez da etzi izango dugun bixita bakarra, egun horretan Felipe Espainiako erregea ere hitz egitekotan baita osoko bilkuran, joan zen apirilean Bruselan izan zenean Martin Schulzek egin zion gonbitea aprobetxatuz. Kasu honetan, 12:00etan hasiko da bere interbentzioa, justo bozketen aitzinetik, eta inork ezingo dio erantzunik eman, ez talde buruek ez diputatuok. Apirilean, talde buruek zerbait errateko aukera izan zuten, pleno aretotik kanpo antolatutako bilera itxi batean, eta han Euskal Herriko bake eta konponbide prozesuaren alde hitz egin zion GUE/NGLko presidenteak, Gabi Zimmerrek, Feliperi. Aukera izango balitz, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapen bat baino gehiago entzun ahalko zen osoko bilkuran, berriro. Baina ez da horretara "arriskatuko", jakina.

Asteko eztabaidarik garrantzitsuena, beharbada, astearte goizekoa izango da, errefuxiatuen egoerari buruzkoa. Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentea eta Jean-Claude Juncker Batzordeburua bertan izango dira. Hor bai, hor hitz egiteko aukera izango dugu, eta seguru nago eztabaida gogorra izango dela.

Asteazken goizean Siriako eta Turkiako egoerak aztertuko ditugu, eta ostegun goizean emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunari (edo, hobeki erranda, berdintasunik ezari) buruzko eztabaida inportantea. Federica Mogherini Kanpo Arazoetako Goi Ordezkariak Libiako egoerari buruzko deklarazioa egingo du astearte arratsaldean. Ostegun eguerdian, espainiar estatuko hipoteken legediari buruzko bozketa izango dugu. Gainera, Amerikako Estatu Batuei azalpenak exijitzeko asmoz, Mugarik Gabeko Medikuek Afganistanen zuten hospitalaren aurkako bonbardaketa plenora ekartzen saiatuko gara. Aste honetan, gainera, ostegun goizean, Amerikako Estatu Batuen delegazioa bilduko da (delegazio horren kide da EH Bildu Europako Parlamentuan).

Schulz, Juncker eta Tusk aipatu ditugu lerrotxo hauetan... hirurak Erdogan Turkiako presidentearekin bilduko dira gaur Bruselan, afaltzeko. Erdoganek kurdoen eta Europar Batasunaren aurka hitz egin zuen atzo Bruselan, oso gogor kurdoen aurka. Hala ere, seguru Turkiako presidenteak laguntza eskatuko diela Europar Batasuneko erakundeetako buruei eta seguru, hauek, hori eta gehiago emango diotela turkiarrari Greziarekin eta Bulgariarekin dituen mugak "hobeki zaindu ditzan".

Honetaz aparte, jakina, talde bilerak ditugu egunero (bertzeak bertze, Portugalen atzo ospatutako hauteskundeen balorazioa, Irlandako bake prozesuaren egoera eta plenoaren prestaketa lanak) eta, gureari begira, Euskal Herriko egoerari begira, alegia, izan ohi ditugun bilerak eta harremanak.

Europako Parlamentua oso leku bitxia da: 9.000 inguru lagun egon daitezke bertan lanean, edo jardunean, egunik zoroenetan (asteartea edo asteazkena normalean). Jende interesgarri asko dago, baina baita urruti nahiko genituzkeen pila bat ere. Ez beti, baina kasu eta kontu garrantzitsuak izaten ditugu eskuartean, hagitz gogorrak eta larriak sarritan.  

Eta, noizbehinka (uste baino gehiagotan, egoera gogorrenei lotuta normalean), pertsona ikaragarriak ezagutzen ditugu, beraien izen abizenak hizki handiz idazteko modukoak. Lerro hauek horietako bi pertsonei daude dedikatuak, eta bi lagun hauek defenditzen dituzten familiei. Naufragioan helduleku bakarra diren pertsonei eta ur sakonetik atera nahi dutenei alegia.

Josu Juaristi EHBilduko eurodiputatuak bere "tristezia eta haserrea" agertu du Mediterraneo itsasoan miseria, jazarpena eta gosetetik ihesi Europara heldu nahi zuten ehunka pertsonen heriotzaren aurrean.

Europako Batasuneko estatuei eta Europako instituzioei "konpromiso irmo eta argia" exijitu die Juaristik. Era berean, "drama humanoa" geldiarazteko premiazko neurriak eskatu dizkie, bai Mediterraneoko uretan eta baita jatorrizko herrialdeetan.