Josu Juaristiren hitzartzea Forum Europan:

Lehenik eta behin, eskerrik asko antolatzaileei Forum Europa honetan parte hartzeko gonbidapenagatik. Eta eskerrik asko, hain goiz, hain ordutegi europarrean, Europari buruzko hitzaldia entzutera etorri zaretenoi.



Europako Parlamentuko areto batean ospatu da gaur herrien eskubide kolektiboen nazioarteko sarearen batzar orokorra. EH Bilduren orrialdean bertan izan duzue horren berri arratsaldean zehar. Esperientziak partekartzeko gunea izan da, Europako hainbat estaturik gabeko nazioentzat eta baita munduko beste herri batzuentzat ere. 

Ideiak, egoerak, errealitateak, proposamenak... herri, nazio bakoitza bere ezaugarriekin eta bere erritmoekin, baina posizio eta helburu amankomun orokorrekin. Mandelak zioen bezala, ezkerrak berebiziko garrantzia duen erantzukizun du, batzen gaituzten posizioak eta helburuak konpartitu eta identifikatu eta, horiek eskuan, borrokan jarraitu guzartea eraldatzeko eta dagozkigun eskubideak, herritar zein herri bezala, irabazteko.
 
Eta Europar Batasunari dagokio eskubide horien defentsan inplikatzea, konponbide demokratikoak bultzatzea, bestaldera begiratu gabe. Europak ezin du onartu bere estatu kide batzuek herrien aldarrikapen legitimoei eta demokratikoei ematen dieten erantzun ez demokratikoa. 
 
Gaurko batzar orokorrean garbi eta ozen aldarrikatu da hori. Autodeterminazio eskubidea eskubide unibertsala dela gogoratu dute gaur arratsaldeko batzarrean parte hartu duten herrietako ordezkari guztiek.

Daniel Turp quebectarrak esan duen moduan, askatasunagatik, eta baita duintasunagatik ere.
 

Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da bihar. Europan, zoritxarrez, eguneroko gaurkotasuna duenj gaia da hau, ez urtean behin bakarrik gogoratzen dugun zerbait.

Europar Batasunak ez du migrazio politika amankomuna, baina horrek ez du esan nahi gaur egiten duena baino askoz gehiago egin ez dezakeenik, eta egiten duen apurra askoz hobeto egin behar ez duenik. Estatu bakoitzak bere etxean nahi duena egiten du, gutxi gora behera, kontu hauetan. Eta Europar Batasunari estatuek gai honetan emaniko eskuduntzak ia erabat errepresiboak dira: Frontex horren adibidea da. Joera oso garbia da azken urteotan: mugak itxi, militarizatu. Eta itxitako mugek hil egiten dute, azken asteotan eta ia egunero ikusten dugun moduan, Ceutan edo Mediterraneoan. Estatu espainola eta frantsesa politika anker horien inplementazioaren adibiderik garbienak dira. Euskal Herrian bertan ere polizia ezberdinek makina bat sarekada arrazista egiten dituzte.

Estatuen portaera oso adierazgarria da. Ez dute benetako europar politika amankomunik nahi migrazioaren eta asiloarekin esparruan, baina Europar Batasuna erabiltzen dute, behin eta berriro, aitzakia bezala, migranteak itsasoan dozenaka hiltzen diren bakoitzean egiten duten moduan.

Testuinguru honetan, Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin entzungo diren hitz potoloak faltsuak dira, arrazakeria sistema ekonomikoan eta politikoan txertatua baitago eta, gehiegitan, premisa faltsuetan eta interesatuetan errotuta. Ez dira, beraz, «inbasoreak», ez dira «ilegalak», ez dira «kriminalak». Baina hori guztia erabiltzen da beraien aurkako giroa sortzeko gizartean, eta, ondorioz, kriminalizatzeko.

Europak ezin ditu migranteak hartu komeni zaionean bakarrik. Politika hori arrazista, klasista eta utilitarista da. Eskubideak eta askatasunak unibertsalak dira eta Europar Batasunak herritar guztientzat bermatu behar ditu, europar zein migranteentzat.

 

Josu Juaristiren iritzi artikulua Gaur8n:

Euskal Herriak duen jokaleku politiko naturala Europa da eta, horren barruan, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea esparru guztietara hedatu eta aplikatu arte, behinik behin, baita Europar Batasuna ere. Baina ez orain bakarrik, bi estaturen menpe hor barruan kokatuta gaudelako; egunen batean Euskal Herri independente batek ateratzea erabakiko balu ere, gure jokaleku politiko, sozial eta ekonomiko naturala izaten jarraituko lukete Europak eta Europar Batasunak, gaur ezagutzen dugun Batasun honek bere horretan jarraitzen baldin badu behintzat. Ikus, bestela, Norvegiak edota Europar Batasunetik kanpo dagoen beste edozein estatuk Europar Batasunarekin duen harreman sare estua, ekonomikoa bereziki, baina ez ekonomikoa bakarrik. Kontinenteko gizarteak eta ekonomiak interkonektatuta daude eta hartu-emanak, naturalak izateaz gain, ezinbestekoak ere badira.