Aurreko astea bete-betea zetorrela aurreratu nizuen gaur zortzi tuit baten bidez, genituen lau konferentzia nagusi nabarmenduz, bakoitza bere posterrarekin. Eta amaitu ere horrela amaitu zen, otarra edukiz eta kontaktuz beteta. Aste gehienetan bezala, konferentzia eta bilera askoz gehiago izan genituen, jakina, oso interesgarriak batzuk, baina nabarmendutako lau horietan, GUE/NGLek antolatutakoak denak, balio erantsi berezia genuen: Euskal Herritik etorritako ordezkari, aditu eta aktibisten partehartzea, EH Bilduren eskutik.

A Comprehensive Conference on CETA. TTIP in a Canadian disguise. Asteartean izan zen, goiz eta arratsaldez. Miren Basaldua eta Andoni Vecchio, TTIParen aurkako plataformako kideak, biak, bertan izan ziren. Basaldua Mundu Bat-eko kide, eta Vecchio Fracking Ez kanpainakoa. Konferentziak azpititulu esanguratsuago bat zeukan: CETA, TTIParen (edo TAFTAren, Ipar Euskal Herrikoentzat ezagunago den bezala) Trojako zaldia. Horixe bera baita, GUE/NGL-en ustez, Europar Batasunak Canada-rekin negoziatutako akordioa, CETA (EU-Canada Comprehensive Economic and Trade Agreement). Antzeko beste itunak ezagututa (NAFTA) eta CETAn datorrena ezagututa dakigu, gutxi gora behera, TTIPak zer ekarriko digun, eta horrregatik da hain inportantea CETA geratzea. CETA aurrera ateratzen bada (Europar Batasuneko estatu kideek, sinatzeaz gain, berresten badute, alegia) Amerikako Estatu Batuetako konpainia handiak Europan sartuko dira Canadarekin adostutakoa aprobetxatuz. TTIP mozorrotua da CETA. Vecchiok eta Basalduak CETAren eta TTIParen aurkako borroka indartu beharra dagoela esan zuten, eta horrelaxe gelditu zen jasota konferentziaren bukaeran Europako Parlamentuko telebista platoan grabatu genuen elkarrizketan. Gainerakoan, konferentzia ISDS eta bere ondorengo makilatuan, ICS-n (Investment Court System) zentratu zen. Dakizutenez, ISDS (orain ICS bezala negoziatzen ari dena TTIPan) Estatuen eta multinazionalen arteko auzitegi berezia da, bigarren hauei "negozioa" arriskuan dutela iruditzen zaien kasuetarako. Hori ez da aldatu Europako Batzordeak aurkeztutako ICSren proposamenean. Berdinak dira, eta, gure ustez, ilegalak. Konpainia handiei sekulako diruordainak exijitzeko aukera irekitzen zaie eta horrek, dagoeneko hainbat lekutan ikusi den bezala, autozentsuraren arriskua dakar. Alegia, multinazionalen negozioaren "aurka" joan daitezkeen lege eta arau aurrerakoiak onartu aurretik estatuek bi aldiz pentsatuko dutela. CETA gerarazteko unea hau da, gero TTIPa bera gelditzeko.

Respecting linguistic diversity? Language discrimination in the EU. Paul Bilbao Kontseiluko burua bertan izan zen, euskararen aurkako erasoak salatuz. Antzeko beste konferentzietan gertatu den bezala, Europa osoko ordezkariak bildu ditugu konferentzia honetan, oraingoan Irlandan, Eskozian, Euskal Herrian, Katalunian edota Bretainian zentratuz bereziki. Hizkuntzen aurkako erasoak, alternatibak eta irtenbideak aztertu ziren. Arratsaldeko lehen panelean, OSCE, Nazio Batuen Erakundea, Europako Konttseilua eta Europako Batzordeko ordezkariak aurkeztea egokitu zitzaidan, eta eztabaida interesgarria izan zen benetan. Galdera asko, sortutako interesaren ispilu. Eta galdera oso zehatza, panelak berak planteatzen zuena: "Europar Batasuneko akordioek eta nazioarteko konbenioek osatzen duten arautegia nahikoa al da hizkuntz eskubideak bermatzeko?". Nola ba, bere estatu kideei nazioarteko konbenioak errespetarazteko gai ere ez bada Europar Batasuna! Giza eskubieetaz ari gara, eta parte hartu genuen europar diputatuok, Liadh Ni Riada Sinn Feineko kideak eta guk bereziki, Europar Batasuna estutzeko konpromisoa hartu genuen gure eskubideen defentsan. Gaia, laister (hizkuntz eskubideen urraketa), Parlamentuko Askatasunen Zibilen Batzordean aurkeztuko dugu, LIBE bezala ezagutzen dugun batzordean.

Solidarity in action! People's support to migrants & refugees. Diana Urrea EH Bilduko kidea Gasteizko Parlamentuan eta Bizkaiko Refugees Welcome plataformako kidea, Natalia Nilo SOS Arrazakeria Nafarroa eta Iruña Harrera Hiria Plataformako kidea eta Xabier Agirregabiria SODEPAZ elkarteko eta Iruña Harrera Hiriko kidea izan genituen maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean. GUE/NGL-k lan handia egin du bi eguneko konferentzia/jardunaldi/tailer hauek antolatzeko eta emaitza ikaragarria izan da, guretzat eta, bereziki, Europa osotik etorri diren boluntarioentzat eta aktibistentzat. Lanerako/ekintzarako konexio eta sare sendo bat sortzen ari gara eta lan honek segida izango du. Askorekin eta askorekin lanean ari gara aspalditik eta egin ditugun misioetan bidaikide izan ditugu beti. Orain, beste urrats bat ematea dugu helburu eta aurrerapausu zehatzak, landuagoak, amankomunagoak eta anbiziosoagoak egin nahi ditugu. Europako Parlamentuak eskaintzen digun azpiegitura eta MSF-k berak Bruselan eskaini diguna aprobetxatuz, bi egun hauek, aberasgarriak izateaz gain, hunkigarriak izan dira.  

There is an alternative - No to NATO. GUE/NGLen Peace Conference bezala ezagutzen duguna. Floren Aoiz Iratzar Fundazioko zuzendariak hartu zuen parte konferentzian. Errusiarekiko harremana, gerra hotz berri baten mamua, Europar Batasunak NATOrekin duen harremana (lotura/menpekotasuna), NATOren beraren bersortzea eta zabalkuntza, eta NATOren aurkako mobilizazioak, horretaz guztiaz hitz egin zen Europako Parlamentuan GUE/NGLek antolatutako bi eguneko mintegian, ostegunean eta ostiralean.