Europako Parlamentua oso leku bitxia da: 9.000 inguru lagun egon daitezke bertan lanean, edo jardunean, egunik zoroenetan (asteartea edo asteazkena normalean). Jende interesgarri asko dago, baina baita urruti nahiko genituzkeen pila bat ere. Ez beti, baina kasu eta kontu garrantzitsuak izaten ditugu eskuartean, hagitz gogorrak eta larriak sarritan.  

Eta, noizbehinka (uste baino gehiagotan, egoera gogorrenei lotuta normalean), pertsona ikaragarriak ezagutzen ditugu, beraien izen abizenak hizki handiz idazteko modukoak. Lerro hauek horietako bi pertsonei daude dedikatuak, eta bi lagun hauek defenditzen dituzten familiei. Naufragioan helduleku bakarra diren pertsonei eta ur sakonetik atera nahi dutenei alegia.

Akronimo baten atzean ezkutatzen da istorio hau: IRPH. Askoz ezagunagoa den Euriborraren ordez zenbait mailegu hipotekarioetan erabiltzen den erreferentziako indizea da. Bi hitzetan erranda, IRPHaren kalkuluan sekulako gardentasun falta dago eta banketxeek indizearen balioetan eragin zuzena izan dezakete eta, beraz, modu artifizialean maileguen truke ordaindu beharreko kuotak puztu ditzakete. Askok entzungo zenuten, eta nahi baino gehiagok sufritu, euriborrarekin alderatuz IRPHaren kaltetuek hilero 300 bat euro gehiago ordain baititzakete hipotekari erantzuteko.

PPk, PSOEk eta EAJk babesten duten bankuen praktika abusibo eta salagarri honek kinka larrian utzi ditu makina bat familia (Estatu espainolean 1.3 milioi familia dira kaltetuak), ezin baitiote gainkarga horri aurre egin eta hortik dator, gero, etxebizitza aunitzen desjabetzea. Aspaldi egon behar zuen desagertuta, askok desagertua zela ere uste zuten, baina ez. Hor dago oraindik, bankuak gizen daitezen, injustizia masibo honekin amaitu beharrean, nahiago baitute epaiketetan galdutako kasu indibidualek sortutako kalte-ordainak banaka ordaintzea. Bitartean, tranpan eroritako familien kontura dirua irabazten jarraituko dute. Kasua apirilaren 16an eraman genuen Europako Parlamentura, IU eta Podemosekin batera, eta hor ezagutu genituen aipatzen nizkizuen pertsona ikaragarri horietako bi: Maite Ortiz eta Jose Mari Erauskin, Stop IRPH Gipuzkoa Elkarteko abokatu boluntarioak. 

Bilera, une eta testigantza latz asko bizi eta entzun ditugu urte honetan Europako Parlamentuan. Euskal preso politikoen senideak izan ditugu, Irlandako Poliziaren izugarrikerien biktimen senideak, palestinarrak, gerran eta faxisten diktaduraren garaian desagertarazi edota exekutatu zituztenen senideak, torturatuak, migranteak, kurdoak... ba al dakit ba nik zenbat eta zenbat une eta kasu gogor eta hunkigarri. Baina hunkigarrienen artean bizpahiru aukeratu beharko banitu, horien artean izango zen Jose Marirekin eta Maiterekin EH Bilduk Bruselan duen lantaldeak izan zuen lehenengo bilera hura, kafe hotz baten bueltan, Parlamentuko kafetegi handian. Bi abokatu, mila borroketan ibiliak, bihotzeraino inplikatuak, kasu bakoitzagatik dena ematen, bolondres, eta beraien izenean testigantza eta salaketa eramaten Europako Parlamentura eta ahal duten leku guztietara. 

Eskaeren Batzorderaino lagundu genituen eta Batzordearen aurrean defenditu genuen kaltetu guztien salaketa. Eta han bertan ginen ezkerreko taldeko guztiok aurre egin genien PPkoei irainka eta gezurretan hasi zirenean, lotsagabe, bihotzgabe, bankuek ez zutela adineko inor etxerik gabe uzten esanez, eta etxerik gabe uzten zituztenen aldeko aktibista eta abokatu haiek asmo elektoralak besterik ez zituztela "espektakulu" hura antolatzean Parlamentuan. Aurpegia behar da! Ez zuten lortu, ordea, salaketa geraraztea: kasuak irekita jarraitzen du eta Europako Batzordea salaketa aztertzen ari da.

Bankuetako indizeen kontua, baita IRPHarena ere, Estrasburgoko osoko bilkurara iritsiko da astelehen honetan. Badu ordua Europar Batasunak bankuen klausula abusibo eta onartezin hauei heltzeko benetan. Europako Justizia Auzitegiak berriro markatu berri duen bideari jarraitzen badio, gehiegikeria hau baliogabetu dezake Europako Parlamentuak. Araudi berriak behin betiko kolpea eman behar lioke IRPHaren aplikazioari eta horren alde egingo dugu guk indar guzikin datorren asteko Estrasburgoko plenoan.

Bitartean, gure besarkadarik beroena Maite eta Jose Mariri eta beraiek defenditzen dituzten kaltetu guztiei.