Attachments:
Download this file (Proposamen_zirriborroa.pdf)Proposamen zirriborroa [ ] 3435 kB

EH Bildu osatzen dugun gizon eta emakumeok hilabeteak daramatzagu lanean, Aldaketa Euria ekimenaren baitan, UPNren eredu politiko, ekonomiko eta sozial zaharkituaren alternatiba izango denaren edukiak garatzen. Horretarako, Nafarroako egoeraren diagnosi zehatza osatzen hasi ginen, denetariko eragile eta sindikatuekin partekatu genuena. Elkarrekin burututako lankidetza harreman horietatik ondorio partekatu bat atera dugu: "UPN eta bere politika egiteko azken hamarkadetako eredua agortuta daude"



Diagnostiko hori oinarri gisa hartuta, lanean jarraitu genuen Nafarroan aldaketarako oinarri estrategikoen sektorekako txosten bat garatuz. Aldaketa, EH Bilduren ustez, eredu aldaketa sakon bat bidetik etorriko da, pertsonak lehenetsiko dituen gizarte bat eraikitzetik, bere inguruarekin bat etorriko den gizartetik, bertako kultura bultzatuko duen gizartetik, guztiaren gainetik askatasunak bermatuko dituen gizartetik.

Lau ardatz horien inguruan egituratu dugu lana, sektore zehatzak garatuz, hala osatu dugu gaur goitik behera aipatzea ezinezkoa den zirriborro sakon eta mardula. Horregatik, dokumentu horretan jasota dauden eta aldaketarako ezinbesteko diren oinarrizko ardatz eta ekinbideak aurkeztuko ditugu gaur zuon guztion aurrean. Halaber, azalduko dugu Nafarroako aldaketarako EH Bilduk garatu dituen proposamenak trukatzeko, aberasteko eta hobetzeko jarraituko dugun lan metodoa ere.

Honenbestez, EH Bilduk ondorengo konpromisoen alde egiten du....

(1) Pertsonak lehenetsiko dituen gizartea:
- Eredu ekonomiko eta sozial berria bultzatzea.
- Sektore publikoa indartzea garapen ekonomiko eta sozialaren motore gisa.
- Zerga sistemaren erreforma.
- Nafarroa izaera publikoa izanen duen finantza erakunde batez hornitzeko konpromisoa.
- Lan duinaren sorrera eta mantenua bermatuko duten neurrien garapena.
- Oinarrizko gizarte zerbitzuen babesa.

(2) Bere inguruarekin bat etorriko den gizartea:
- Nafarroako landa eremuaren garapenerako politiketan erabateko aldaketa.
- Eredu industrial berria, gure enpresen deslokalizazio prozesuak ekidingo dituena eta enpresa horien nazioarteratzea areagotuko duena.
- Merkatalgo txiki eta ertainaren finkapena eta sendotzeari mesede egingo dioten neurri ekonomiko eta fiskalak hartzea.
- Ingurugiroa babesteko konpromiso irmoa.
- Turismoaren garapena modu integralean ulertzea.

(3) Bere kultura bultzatuko duen gizartea:
- Euskara Nafarroako osoko hizkuntza ofizial eta ondare kultural gisa onartzea eta gizartean eta instituzioetan bere presentzia eta normalizazioa indartzea.
- Hezkuntzari izaera estrategikoa aitortzea, gizartea eraldatzeko zutabe gisa.
- Kultura lehentasun gisa ulertzea, kultura inbertsio gisa ulertzea: ezinbestekoa da kultura Nafarroako jardun politikoko lehentasunetako bat bezala finkatzea.

(4) Askatasunen bermatzaile izango den gizartea:
- Gobernagarritasun eredu berri bat eraikitzean, errealitate bilakatuko dituena... a) Gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna
b) Gure herriaren pluraltasun eta aniztasuna uztartuko dituen mekanismoen garapena, elementu estrategiko bilakatu dadin: "Jatorri asko, Herri bakarra".
c) Gazteriaren oraina eta geroa bermatuko dituzten politikak bultzatu eta garatzea alor guztietan, modu iraunkorrean eta euren behar eta nahien arabera.
- Nafarroako herritarrek erabakitzeko duten eskubidean.
- Gizarteak parte hartzeko bide berriak irekitzean, boterea herritarrekin partekatzeko.

- Gai publikoei dagokionez erabateko gardentasunez jokatzeko konpromiso irmoan.

EH Bildu taldetik premiazko deritzogu elkargune bat bultzatzea Nafarroako indar ezkertiar, progresista eta abertzaleen artean: nahitaezkoa da desberdinen arteko akordio bat ahalbidetzea gehiengo berriak eraikitzeko bidean eta gure lurraldean eredu berri bat indartzeko bidean.

Hortaz, EH Bildutik aldaketa politiko, ekonomiko eta sozialerako oinarri horien alde egiten dugu eta funtsezko zutabe horiek lantzen jarraituko dugu. Hain zuzen ere, gaurtik aurrera, harreman erronda berri bati ekingo diogu Nafarroako denetariko eragile sozial eta sindikalekin (kultura, hezkuntza, euskara, gazteria, hirugarren adina, berdintasuna, aniztasuna eta migrazioak, ekonomia, enplegua, osasuna, gizarte, turismoa, ingurugiroa, etb. arloetakoak) gure ideiak azaldu, partekatu, elkar trukatu, eztabaidatu eta ekarpenak jasotzeko asmoz. Era berean, herritarren partaidetzarako bideak irekiko ditugu, egin nahi adina ekarpen jasotzeko.

Aldi berean, EH Bildu eskualdekako lan osagarria ari gara burutzen. Izan ere, Nafarroako eskualde bakoitzak egoera eta beharrizan zehatzak bizi ditu. Arrazoi horregatik, Nafarroa osorako baliagarriak diren proposamenez gain, lan osagarria burutu dugu eskualde mailan gogoeta eta eztabaida bultzatu eta ekarpenak jasotzeko. Lan osagarri horren baitan Nafarroa bederatzi eskualdetan banatu dugu eta azken asteotan zehar eskualde horietako bakoitzak aldaketarako premiazko proposamenak jasotzen dituen dekalogo bat garatu du. Gainera eskualdetako bakoitza denetariko eragile sozial eta ekonomikoekin harremanetan jarri da, dekalogo hori alderatu eta hobetzeko helburuarekin. Datozen asteotan dekalogo horietako bakoitza aurkezten joango gara.

Azkenik, aurreratu nahi dizuegu eztabaida prozesu hau ekainaren 15ean amaituko dela, Iruñeko planetarioan egingo dugun lan jardunaldi batekin. Datozen egunotan formatu horren gaineko xehetasunak ezagutaraziko dizkizuegu.