Ostegun honetan ikasleek bere aldarrikapenak kalera atera dituzte. EH Bilduk ikasle mugimendua zoriondu nahi du, grebak izandako arrakastagatik. Ikasle mugimenduak kalitatezko hezkuntza sistema baten aldeko jarrerarekin bat dator EH Bildu.

Jasanezina eta erabat injustua den LOMCE sistemaren inposizioaren aurrean, Nafarroako instituzioek ikasleen eskubideak eta aldarrikapenak babes ditzaten lanean jarraituko du EH Bilduk. Izan ere, Nafarroako instituzioei dagokie nafar ikasleen aldarrikapenei bidea zabaltzea eta LOMCEren ezarpena ekiditea.

Zentzu honetan, neurriak hartu behar dira Nafarroan hezkuntza sistema burujabe eta eraldatzailea eraikitzeko; Unibertsitate ikasketen pribatizazioari aurre eginen diona, bertako jendartearen premietara egokituko den kurrikuluma lehenetsiko duena, euskaraz ikasteko eskubidea bermatuko duena, Lanbide Heziketako ikasleak esku lan prekario gisa erabiltzeko joerarekin amaituko duena, eta abar.

Halaber, EH Bilduk Iruñeko udaletxearen kontrako erasoa onartezina dela eta arbuiatzen dituela argi eta garbi utzi nahi du. Ikasleen aldarrikapen justuak eta beraien aldeko mobilizazio arrakastatsuak estaltzeko asmoz eragindako istiluak errefusatzen ditu.