Ekitaldi politikoa antolatu du EH Bilduk Iruñean ostiral honetarako, Diadarekin bat egin eta herrien erabakitze eskubidea aldarrikatzeko. Momentu bereziki garrantzitsuan ailegatzen da Kataluniako aldarrikapen eta jai eguna, bertako herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko aukeraren aurrean direnean. Erabakitzeko eskubidearen alde ate berriak zabaldu ditu Kataluniako herriak, Euskal Herritik, Nafarroatik adi jarraitzen ari garen mugimenduak.

Bide horretan, datorren ostiralean EH Bilduk Iruñean eginen duen ekitaldian, Kataluniako herritarrekin bat egiteaz gain, Nafarroako herritarrendako erabakitze eskubidea aldarrikatuko da. Nafarroak bere etorkizuna erabaki dezan. Gure etorkizuna erabakitzeko oinarriak ezartzea geuri dagokigu. Herritarrek protagonismo osoa izan beharko dute egungo egoera instituzionalean eta politikoan eragingo badugu. Ezin dugu Espainiako edo Frantziako Gobernuek esango dutenari begira egon. Daukaguna, geure indarrez lortu dugu.

Ekitaldia, datorren ostiralean, irailak 11, arratsaldeko 19.00tan izanen da Iruñeako udal plazan.