2017ko urrian, EH Bilduren ekimenez, Nafarroako Parlamentuak Euskararen Legearen inguruan proposamen bat lantzeko Batzorde Berezi bat eratzea onartu zuen, eta Batzordea bera 2018. urtean zehar eratu eta lanean aritu da. Euskararen Lege berri bat egitea programa-akordioko adostasunen artean sartu ez bazen ere, EH Bilduk ez du inoiz gaia alde batera utzi eta ahalegin horren ondorioa izan da Batzordea bera.
Batzorde Berezi horrek lan sakona eta emankorra egin du. Eta lortu du, besteak beste, Nafarroan euskarak duen lege-estatusa sakontasunez aztertzea, auzi horren muinean dauden gakoak azaleratzea, eztabaidaren osagai nagusiak agerian jartzea, gogoeta eta ekarpen askotarikoak eta interesgarriak jasotzea, neurri eta urrats praktikoak ematen lagundu lezaketen proposamen zehatzak biltzea, eta abar. Eztabaidari, horrenbestez, ekarpen mamitsua eta interesgarria egin dio, eta euskararen lege-estatusaren inguruko gako eta korapilo nagusiak identifikatu eta aztertu ditu.
Balizko euskararen lege berri bat osatzeko behar diren osagaiak, horrenbestez, mahai gainean daude, baita aurrera egiteko proposamen zehatzak ere.
Batzordeak ez du lortu, ordea, Parlamentuk onartutako ebazpenean esleitu zitzaion egiteko zehatza burutzea. Batzorde Bereziaren jardunak iraun duen denbora tarte hori ez da nahikoa izan agertu diren korapilo guztiak askatzeko eta proposamen zehatz baten gainean behar besteko adostasuna lortzeko. Onartutako ondorioetan jaso den moduan, auziaren muinera iristeko, alegia, lurralde osorako ofizialtasunaren balizko onarpenerako, zenbait alderdi argitu eta adostu beharra dago, eta ariketa hori oraindik bukatzeko dago.
Batzorde Bereziak ondorio batzuk onartu ditu eta, besteak beste, adierazi du euskararen lege-estatusa ez dela egokia, zaharkitua gelditu dela, eta berritu eta egokitu beharra dagoela. Eta esan du, halaber, legea berritzeko eta egokitzeko lan eta egiteko hori parlamentu-taldeen esku uzten duela. Prozesua ez da bukatu, beraz, eta une honetan euskararen lege-estatus hori aldatzeko prest dauden indar politikoen ardura da, alegia, aldaketako indarren ardura, erronka horri eustea eta horretarako behar beste eta behar bezalako urratsak egitea, besteak beste azken aldian egindako lan hori guztia eta ekarpen horiek guztiak baliatuta.
EH Bilduri dagokionez, Batzorde Bereziak egindako eskaera hori, prozesua burutzeko eskaera hain zuzen ere, onartzen dugu, eta prozesu horretan lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi egiten dugu.
Batzorde Bereziak prozesua burutu ez badu ere, datozen hilabeteotan urratsak ematen jarraitzeko aukera daukagu, adostutako oinarri batzuetara iristeko eta adostutako hori hurrengo legegintzaldiko programa-akordio berri batean txertatzeko. Programa-akordioa osatzeko unera, beraz, gai honekiko adostasuna landuta eta lortuta iritsi beharko genuke, datorren legegintzaldian euskararen legearen auzia programa-akordioko adostasunen artean egon dadin, aurrekoan ez bezala.
Aldaketa sustengatzen dugun indarron artean gaia lantzen ari gara azkeneko hilabeteotan, eta EH Bilduk, lanketa horren barruan, edukiak, proposamen zehatzak, egutegiak eta metodologiak proposatu ditu, proposatzen ari da, eta proposatzen jarraituko du.
EH Bilduk proposamen zehatz batzuk egin ditugu dagoeneko, beraz, eta gure ustez euskararen legeak izan beharko lituzkeen oinarriak eta ezaugarriak jasota. Besteak beste:
.- Euskara berezko hizkuntza eta ofiziala Nafarroa osoan.
.- Herritarrek egon behar dute hizkuntza politikaren erdigunean eta herritar guztiek hizkuntza eskubide berdinak izan behar dituzte.
.- Euskararen Legea berdintasun, justizia eta kohesioaren parametroetan kokatu behar da.
.- Euskararen Legeak euskara sustatzeko tresna ere izan behar du.
.- Euskararen Legea edukiz hornitu behar da eta jasotzen dituen atalak zabaldu: administrazioa, irakaskuntza, hedabideak, kultur industria, informazio nahiz komunikazio teknologiak, erabilera soziala, sozioekonomia eta hizkuntza batasuna.
Bistan denez, Euskararen Lege berri bat osatzeko euskararen lege-estatusa aldatu nahi dugun indarron arteko adostasuna behar da, eta adostasunerako bide horretan abiapuntuko proposamen ezberdinak hurbiltzeko formulak eta bideak ere landu eta planteatu ditugu, Batzorde Berezian bertan jasotako ideiak eta ekarpenak ere aintzat hartuz: hizkuntza politikaren modulazioa, tipologiak, epeak…
Gai honen inguruan EH Bilduren konpromisoa berretsi eta Nafarroan aldaketa babesten duten gainerako indar politikoei azaldu diegu, eta hori bera egin nahi dugu, agerraldi honen bitartez, gizartearen aurrean, konpromiso hori bera berretsi eta azaltzeko. Bidean aurrera egiteko modua proposamen zehatzak egitea da, gu horretan ari gara etengabe, auzi honi behar besteko denbora eta energia eskainiz. Espero eta eskatzen dugu gainerakoek ere hala egin dezaten, eta horretarako deia eta gonbitea egiten diegu.

Iruñean, 2019ko otsailaren 8an