Nafarroak ez du AHT-aren lanak babesteko inolako bideragarritasun plan edo txostenik. Halaxe erantzun dio Nafarroako Gobernuak Maiorga Ramirez, EH Bilduko parlamentariari. Ramirezek, Europako Kontu Epaitegiak Abiadura Handi Trenei buruz egindako txostenaren harira erregistratu zuen galdera. Europak agerian utzi zuen orain arte egindako AHT bideak erabateko porrot sozial eta ekonomikoa suposatu dutela, ez diote aurrerapausorik suposatu gizarteari eta izugarrizko zulo ekonomikoa eragin dute. Nafarroako Gobernuak ez du AHTaren lanekin aurrera egiteko bideragarritasun txostenik egin. Europako idazkia ezagututa, ez da harritzekoa horrelako daturik argitara atera nahi ez izatea.

Gauzak honela, EH Bilduk mozioa erregistratu du Nafarroako Parlamentuan, egun martxan diren AHT-a eraikitzeko obrak gelditu, egiteke diren adjudikazio eta lur desjabetzeak bertan behera uzteko eta benetan tren sozialaren alde apostua egiteko. “Nafarroak bere tren eredua erabaki behar du” azaldu du Adolfo Araizek, “Europak argi utzi du, erabateko diru xahuketa suposatzen duten abiadura handiko trenbide berriak eraiki beharrean, inertsioak egungo tren sareak hobetu eta bizkortzeko bideratu behar direla”.