Nafarroaren Egunaren harira, EH BILDU NAFARROAk honako mezua helarazi nahi die nafar jendarteari eta eragile politiko, sozial eta sindikalei. Hain zuzen ere, autogobernuaren aldeko mezua da gaurkoan eman nahi duguna, geure burujabetza berreskuratzeko bidean urratsak egin ditzagun.

Egungo autogobernua, Nafarroaren burujabetza oinarri duen foralitatearen aztarna gisa ulertuta, erabat murrizturik dugu LORAFNA edo Foru Hobetzearen lege-markoan. Nafar jendarteak sekula berretsi ez zuen lege-markoa. Eta inposatu zitzaigun marko hori bera ere arriskuan dago Espainiar Estatuaren inboluzio antidemokratiko eta birzentralizatzilearen ondorioz.

EH Bildun autogobernuaren defentsa abiapuntu moduan ulertzen dugu. Eta zinez uste dugu abiapuntu horretan bai indar politiko, sozial eta sindikalen gehiengoa, bai eta Nafarroako instituzioak ere batu beharko ginatekeela. Ildo horretan, guztion eginkizuna izan behar duen erronka horretan, elkarlanerako eta dinamika bateratuen aldeko gure apostua zintzoa eta irmoa izanen da.

Nafar jendarteari ere argitasun berberaz esaten diogu geure proiektu politikoa ez dela mugatzen orain arte nekez mantendutakoari. EH Bilduk irmotasunez eta konplexurik gabe aldarrikatzen du Nafarroaren eta Espainiar Estatuaren arteko harreman eredu berri baten beharra. Berdintasunean oinarritutako harremana, inolako mendekotasunik gabea. Nafarroa burujabea nahi dugu, nafar jendarteak berak erabakiko duen formulazio eta enkaje juridiko-politikoa izanen duena.

Era berean, konplexurik gabe diogu gaur egun halako harreman moldea eta burujabetza estatusa izateko bide bakarra eskumenak hartzea eta estatu baten moduan formulatzea dela. Baina horrekin batera argi dugu XXI. mendean bete-betean gaudelarik, estaturik gabeko nazioei dagokigula berritzaileak izatea eta formulazio berriak bilatzea. Eta egin, egin behar dugu, sinetsita baikaude burujabetza dela ezinbesteko tresna justizia sozialean oinarritutako eredu sozio-ekonomiko bat eraikitzeko. Egun, burujabetza ezinbestekoa da ongizate soziala bermatzeko eta XXII. mendeko komunala defendatzeko.

Halaber, berdintasunean oinarritutako harremanaz eta burujabetzaz ari garenean, gainontzeko euskal lurraldeez ere ari gara. Izan ere, Euskal Herriko Errepublika Konfederatua dugu jomuga. Bertan, Nafarroa burujabetza osoa izanen duen Errepublika izanen litzateke, askatasunez eta hala erabakiko lukeelako konfederatuko litzatekeen estatua. Horrexegatik argi diogu ez dugula inongo anexio edo integraziorik babesten inolako erkidego edo estaturekin.

Bide horrek aurrera egingo du, baldin eta nafar jendarteak hala nahi badu. Orain dela bi urte eta erdi jendarte honek lehenengo urratsa egin zuen eta guztion artean eraikitzen ari garen aldaketa politikoaren aldeko hautua egin zuen. Sakoneko aldaketaren alde egin zuen, ez botere alternantziaren alde; instituzioak ireki, herritar guztion eskubideak bermatu eta bazterkeriarik gabeko, denontzako Nafarroa eraikitzeko. Epe honetan, zailtasunak zailtasun, kontraesanak kontraesan eta oztopoak oztopo, argi geratu da aldaketak lehen urratsa izan beharko lukeela nafar herritarrok hitza eta erabakia eduki ahal izateko.

Esan bezala, garai nahasiak bizi ditugu. 78ko erregimenaren bizkarhezurra kolokan dago eta egoera honen aurrean ohi bezala erantzuten ari da: inboluzioa, eskubide murrizketak, inposizioa eta errepresioa. Egoera honetan gure autogobernua eta autonomia are gehiago jarri dute arriskuan, Parlamentuaren gehiengoak onartutako hainbat eta hainbat legea bertan behera utzi dituzte (hamazazpi lege, horietako gehienak izaera soziala eta jendartearengan eragin zuzena dutenak), eta gure baliabideen kudeaketa erabat baldintzatu egiin dute aurrekontuen egonkortasuna bermatzeko legearen bidez (gastu-sabaiaren muga, defizit-muga...)

Joera birzentralizatzaile horren azkeneko adibidea dugu Madrilgo Gobernua Hitzarmen Ekonomikoaz egiten ari den txantaia, eta horrekin batera, hitzarmena bera auzitan jartzeko azpijoko politiko eta mediatikoa.

Beharrezkoa da Nafarroan oldarraldi zentralizatzaile honi aurre egiteko indarrak biltzea, eta abiapunturik onena demokraziaren beraren defentsa egitea da. DEMOKRAZIA hizki larriz, jendartearengandik datorrena, parte hartzea benetako ahalduntze eta botere partekatze gisa ulertzen duena, eta ez boterearen subrogazio gisa. Demokrazia, herri batek berarengan eragina daukan guztiaz hartzen duen erabakia.

Nafar jendarteak erabaki egin behar du eta bere kabuz egin behar du, bere orainaren eta etorkizunaren jabe eta protagonista gisa. Horixe izanen da jendarte osoaren interesen alde egiteko modurik onena.

Erabaki nahi dugu, eta modu burujabean egin nahi dugu, ongizate sozialari eusteko eta benetako justizia sozialarekin amets egiteko bide zail eta malkartsuan aurrera egiteko berme bakarra baita. Erabaki nahi dugu, burujabetza nahi dugu, soilik horrek bermatuko dituelako zerbitzu publiko duinak, murrizketen amaiera edo guztiontzako eskubide sozialak, gatozen tokitik gatozela. Erabaki nahi dugu, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko eta gure altxorra den euskara babesteko.

Jendarteak eredu ekonomikoaz eta lan ereduaz hitza izan nahi du, izan behar du. Baita geure lurraldearen etorkizuna baldintzatuko duten azpiegituren inguruan, geure baliabideen eta amalurraren inguruan ere (Bardea, baliabide naturalen ustiaketa...). Herritarron erabakia, era berean, krisi ekonomikoari irtenbide soziala emango dion kohesioa bermatzeko bidea da. Zerbitzu publikoak, pentsio-sistema justua eta geure gizarte-segurantza sistema propioa sortzea ahalbidetuko duena.

Zinez uste dugu demokraziarekiko eta jendartearen erabakitze eskubidearekiko konpromisoa dela aurtengo Nafarroaren Egunean nafar jendarteari egin diezaiokegun eskaintzarik garrantzitsuena. Horrexegatik, EH Bildu- Nafarroak bere konpromisoa berretsi nahi du honako adierazpen honen bidez:

  1.  Lurralde honek, herri honek, gogor egin du borroka aurrerakuntza sozialak lortzeko, bere izaera bizirik mantentzeko, erori izan denean berriz zutitzeko. Eta Nafarroak bizirik dirau, hamarkada luzez isilarazi nahi izan duten izaera errebelde horri esker. Eta ez dago prest berriro ere isilaraz dezaten, mespretxa dezaten, inposizioz bizitzera kondena dezaten. Nafarroak pertsona libreen aberri librea izan nahi izan zuen eta ideia horrek gaurdaino iraun du gure jendartean, gure imaginarioan, gure identitatean. Baita gure proiektu politikoaren oinarrian ere.
  2.  Demokrazia defendatzeko konpromiso irmoa hartzen dugu, bai eta bide horretan aurrera egiteko gauza litezkeen ekimen anitz eta transbersaletan elkarlanean aritzeko ere.
  3.  Autogobernua defendatzeko konpromisoa hartzen dugu. Ildo berean, geure burujabetza berreskuratzearen aldeko konpromisoa hartzen dugu, beste egitura juridiko-politikoekin berdintasun harremanak izatea ahalbidetuko duen markoaren alde lan eginez.
  4.  Dagozkigun gai guztien inguruan daukagun erabakitzeko eskubidea defendatzen dugu. Zinez uste dugulako hori dela bidea Nafarroak kohesio sozialean, berdintasunean, naturarekiko errespetuan eta garapen ekonomiko eta kulturalean... aurrera egiteko.
  5.  Nafar jendarteari dei egiten diogu guztion eginkizun horretan parte har dezan. Eta elkarlanaren beharra azpimarratzen ari gara, hain zuzen ere, Nafarroaren Egunaren bezperan, bere herri-izaera berreskuratu behar duen ospakizun honen harira. Horrexegatik, nafar jendarteari beste dei bat ere egin nahi diogu: jar diezaiogun elkarri erronka 2018ko Nafarroaren Eguna ospakizun herritarra izan dadin, iragana ahaztu gabe orainaz gozatzeko, eta herritar bakoitzak daukan onena jarriz, auzolan erraldoia egin dezagun etorkizuneko Nafarroa eraikitzeko. Nafarroa askea, bizia, justua eta solidarioa.