Nafarroako etorkizuna eta garapenaren gainean hitza hartzeko unea da, ez dezatela guregatik erabaki. Larunbatean AHTaren kontra eta Tren sozialaren alde deitutako manifestazioan parte hartzeko deialdia egiten du Nafarroako EH Bilduk.

Ezin dugu inoren inposiziorik onartu, lurraldearen etorkizuna baldintzatuko duen azpiegitura baten aurrean gaudelarik. EH Bilduk bat egiten du azken egunotan sindikatu, eragile eta hautetsiek azaldutako jarrerarekin. Onartezina da herritarren bizkarrera erabakiak hartzea, onartezina herriak, bailarak eta eskualdeak erdibituko dituen azpiegitura inposatzea bertakoei galdetu gabe, onartezina da gizartearen ekarpenei entzungor egiten dion prozedura. Abiadura Handiko Trena eraikitzeak Nafarroako etorkizuna baldintzatuko du arlo ekonomikoan, ingurugiroan, sozialean, herrien arteko komunikazioetan…horrexegatik eztabaida, hausnarketa eta erabaki ahalmena beharrezkoa dela uste dugu. Erabaki dezagun hemen, Nafarroan, guztion artean, beste batzuek guregatik erabaki ez dezaten.

AHTari Ez eta Trenari Bai esaten diogu, herritarren mesedeetarako trenbide sarea nahi dugulako, herriak inkomunikatu beharrean elkarren artean lotuko dituena, beren ingurugiroa, beren etorkizuna ezbaian jarri gabe.