EH Bilduk bat egiten du larunbat honetan Tafallan AHTaren kontra eginen den manifestazioarekin, parte hartzeko deialdia egitearekin batera. “AHTak isolatzen gaitu. AHTrik Ez!” lelopean deitutako protesta 18.30tan irtengo da Nafarroa Plazatik.

EH Bilduk bat egiten du protestarekin “hainbat eskualde, udal eta herritarrek beren buruak baztertuak ikusi baitituzte trenaren gaineko erabaki guztietan” azaldu du Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentariak “beren zonaldean eta herrietan ondorio garrantzitsuak izanen dituen azpiegitura batetaz ari gara eta orain arte ez da beren iritzirik eskatu, are gutxiago beren erabakia errespetatu. Ezin dira horrelako azpiegitura garrantzitsuak martxan jarri, herritarren eta beren ordezkarien gainetik. Ezin dira horrelako proiektuak inposatu eskualde eta herrien etorkizuna baldintzatuz, bidebazterrean utziko dituen trenbide batekin”. Zentzu horretan EH Bilduk benetazko parte hartze prozesu bat eskatu du “trenbideari buruzko eztabaida eta parte hartze prozesu bat beharrezkoa da, ezin da inposaketarik onartu ez Madrildik ezta hemen bertatik ere ez. Nafarroarentzat, zonalde ezberdinentzat, eskualdeentzat eta herrientzat onuragarria izanen den trenbidearen gaineko eztabaida behar da, bertako herritarren komunikazioak erraztuko dituena eta ingurugiroa ere babestuko dituena”.