Azken egunotako mugimendu eta adierazpenei so eginez, konfirmatzen da uste genuena eta udaberritik honat EH Bilduk salatu duena. Nafarroako Gobernuak AHT-aren hitzarmena sinatzeko asmo itsua dauka, UPN-k eta PSN-k bere garaian sinatutako akordioaren bertsio gaurkotua besterik ez den hitzarmena. Prentsaurrekoan, Adolfo Araiz parlamentariak, hitzarmenik ez sinatzeko eskatu dio Uxue Barkosen gobernuari “are gehiago, ez dezatela gastu konpromezurik lotu, ez soilik 2018rako, ezta datozen urteetarako ere. Planteatzen den obren finantziazio sistemak konpromezu itxiak utz ditzake datozen urteotan” adierazi du Araizek, “Nafar Gobernuari eta bereziki Geroa Bairi eskatzen diogu, erabaki honek etorkizunean akordioak lortzeko eta adosteko izan dezakeen eraginaz hausnartu dezaten”.

Parte hartze prozesua
Egoera honen aurrean, kezka zabaldu da nafar gizartean eta asko dira proiektuarekiko desadostasuna erakutsi duten tokiko erakundeak eta eragile sozial ezberdinak. Parte hartzea eskatu diogu Gobernuari, erabakiak guztion artean, hemen, Nafarroan, modu irekian har daitezen, informazio eta eztabaida prozesu sakon baten ostean.
Eskari honen ondorio da, Gobernuak iragarri duen bilera sorta eta web gunea. “Guk argi dugu, ez gaudela prozesu parte hartzaile baten aurrean, propaganda ariketa baten aurrean baizik” salatu du Adolfo Araizek “Izan ere, parte hartze gutxi egonen da, guztia erabakia, sinatua eta itxia duen prozesu batean. Parte hartze gutxi egonen da, proiektua bera ezbaian jartzea ezinezkoa bada planteatutako prozesuan. Parte hartze gutxi egonen da, erabakiak hartzea ezinezkoa bada. Parte hartze prozesuak ez du zentsurik, hura egin bitartean, Madrilekin Abiadura Handian hartzen badira obrak hasteko erabakiak. Planteatzen dena, norabide bakarreko propaganda ariketa da”.

Udalen kezka
Adolfo Araizekin batera, udaletako ordezkariak ere azaldu dira prentsaurrekoan. “Udaletatik kezkaz so egiten diogu AHTaren proiektuaren gaiak hartzen ari duen norabide eta abiadurak. Abiadura gehiegi ikusten ari gara, eta eztabaida, sosegu eta kontsulta gutxiegi” azaldu dute Arturo Goldaracenak eta Eneka Maizek, Tafalla eta Etxarriko alkateak.
Kezkatuta gaude, trenbide ertzean utziko gaituen proposamenarekin, trenera igo ezinik, abiadura bizian gure herri eta bailaretatik aviada bizian pasatzen den bitartean.
Udaletatik ere parte hartze eta eztabaida prozesu erreal eta zintzoa eskatzen dugu. Gobernuari gure kezkak eta zalantzak planteatzeko aukera izan nahi dugu, eta noski gure proposamenak ere mahai gainean jarri, lurraldearen bertebrazioa, gure bizilagunen mugikortasuna eta Nafarroako trenbide sarearen benetazko erabilpen jasangarri baten bidean”.
Gure herrien etorkizunak kezkatzen gaitu, trena aurretik pasatzen baldin bada, gure geltokietan geratu gabe, Iruñea eta Nafarroako ebste herriekin lotura moztuz.
Eta noski, kezkatzen gaitu, guzti honek ordainean gainera, txikizioa dakarrelako, gure inguruak erabat aldatu, gure paisaiak birrindu,… Kezkatzen gaitu horrelako azpiegitura batek sortuko duen harresi efektuaz, bitan banatu gure bailara eta inguruak, zonalde ezberdinen arteko konexioak zailduz, herrietako garapen aukerak okertuz…"