Gaur, Iruñeko epaitegiak Palacio de Arozteguia S.L enpresak Garbiñe Elizegi Narbarte Baztango alkate ohiaren aurka jarritako salaketaren inguruan emandako epaiaren berri izan dugu. Epai honen aitzinean hurrengoa adierazi nahi du Baztango EH Bilduk:

Aroztegiako proiektua zilegitasun sozialik ez zuela lortzen ikusirik, Palacio de Arozteguia S.L. promotoreak, herritar eta arduradun politikoen aurka judizialki jotzeko erabakia hartu zuen aspaldi. Herritarrek ematen ez ziotena epaitegietako gelaz gelako ibilera tranpatiarekin lortuko zuelako esperantzan. Bide batez herritarren eta ordezkari politikoen proiektuaren aurkako ahotsak isilarazi nahian.

Epaiketa hau adierazpen askatasunaren aurkako eraso larria izan da eta are gehiago gaur argitaratutako epaia. Krisi ekonomiko, ekologiko eta sozialak eragiten dituzten jokaldi ekonomiko espekulatzaileak salatzeagatik zigortu nahi gaituzte. Hondamendira eramaten gaituztenak inpunitate osoarekin jokatzeko aurrekari ikaragarria da ordezkari politikoak herritarren borondatea defenditzeagatik eta pelotazo urbanistikoak salatzeagatik zigortzea.

Bereziki larria da fiskalak bera enpresak jarritako demandaren kontra agertu zela (Garbiñe Elizegiri arrazoia emanez) eta hala ere epaileak enpresaren ustezko “ohorea” adierazpen askatasunaren aitzinetik jartzea. Lege berriek herritarren adierazpen eskubidea ihartzen dutenean, haratago joatea ezinezkoa zela zirudienean, berriz ere Nafarroako erregimenaren indarrek marka guztiak hautsi dituzte. Nola deitu behar diogu 530.000 euro inguru balio zuen lur batek ia 36 milioi inguruko balio izatera pasatu izana “pelotazo” ez bada?

Bidegabekeri honen aitzinean, jakinarazi nahi dugu epai honen kontrako helegitea jarriko dugula eta oztopo guztien gainetik segituko dugula herritarren borondatea defenditzen. Inposizio, mehatxu eta isunek ez diote proiektu honi zilegitasunik ematen, guztiz kontrakoa. Modu berean, agerian uzten dituzte gisa honetako proiektuak defenditzen dituzten ordezkarien benetazko interesak eta eztabaida politikorako ezgaitasuna.