Hurrengo asterako Gipuzkoako sorosleek deituta duten grebaren aurrean, jarrera irekia eta negoziaziorako prestutasuna izango du EH Bilduk, eta jarrera bera izateko deia egin die tartean dauden alde guztiei. Izan ere, sorosleen lan baldintzak zein eskaintzen duten zerbitzua hobetzea da EH Bilduren helburu nagusia.

Asteartean, Preccon bilera bat egin zen Gurutze Gorria, ELA eta kostaldeko udalen artean. Bertan lehen hurbilpen ariketa bat egin zen. Udal bakoitzak bere pleguak dituenez, elkarrizketa mahai zabaletik udalez udal irekitzeko konpromisoa hartu zen, EH Bilduk hala proposatuta.

Gauzak horrela, ahal den eperik motzenean negoziazio mahaiak udaletan irekitzeko deia eta prestutasuna du EH Bilduk, Gipuzkoako sorosleen lan baldintzak hobetzeko asmoz. Hurrengo asteko greba bertan behera uzteko aukera ere zabalik utzi zen aurrez akordio bat lortuz gero. Hori izango da EH Bilduren ekarpena, bai gobernuan nahiz oposizioan egon.

Gurutze Gorriaren, sorosleen eta udalen jarrera irekia probestu behar dugu eta denontzako onuragarria izango den akordio bat lortu, zerbitzuaren zein langileen lan baldintzen hobekuntza ekarriko duena.