Gipuzkoako Foru Gobernuak gaur onartutako aurrekontuak argi erakusten du zer nolako bidea jarraituko duten datorren urtean: batetik, gipuzkoarren beharrei muzin egin eta, bestetik, murrizketa sozialen bidean sakondu. Horregatik, EH Bilduk 2018ko Aurrekontu Proposamenaren kontra bozkatu du Batzar Nagusietan, proiektu txarra delako eta gabezi larriak dituelako Gizarte Politiketan, ekonomia eta mugikortasun jasangarriaren sustapenean. Honekin batera, EH Bilduko batzarkideak babestu egin dute hainbat eragile sozialek Batzar Nagusietako sarreran egindako kontzentrazioa, 2018rako Aurrekontu sozialagoak aldarrikatzeko.

Xabier Olano bozeramaileak Osoko Bilkuran azaldu duenez, EH Bilduk 18 zuzenketa gorde ditu gaurko eztabaidarako. Lehenik, Gizarte Politikari dagokionez, aurrekontuen bidez Aldundiak burutu nahi dituen zenbait murrizketa bertan behera uztea eskatu du, eta adinekoentzako egoitzetan itxoite zerrendekin dagoen arazo larriari aurre egitea.

“Kezka handiz eta larritasunez ikusten dugu zaintzen arloan aurrekontu propioaren pisua % 21,5etik % 19,3ra jaitsi dela. Norabide okerrean doa, beraz, 2018ko Aurrekontu proiektua. Adinekoentzako egoitzetarako dagoen 900 pertsona inguruko itxoite zerrendari dagokionez, planteatu dugu txoke plan bat martxan jartzea, 2.700.000 euroko diru zuzkidura izango lukeena, 200 plaza publiko berri hitzartzeko”, azaldu du bozeramaileak. Hala eta guztiz ere, EAJk eta PSEk gizarte zerbitzuak hobetzeko ekarpen guztien kontra bozkatu dute. Horrekin batera, Xabier Olanok gogoratu du Gobernuaren dekretu berriari “esker”, 5.000 familiak jasotzen duten mendekotasun prestazioa jaitsi egingo dela. Kasu larrienetan, 1.000 eurotik gora galduko dituzte urtero.

Bestetik, Foru Gobernuak onartutako aurrekontuan, ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko ahalegina motz gelditzen da. Horregatik, 1,2 milioiz hornitutako programa berria martxan jartzea proposatu du EH Bilduk, eta baita emakumeen ekintzailetza eta enplegu berdea sustatzera bideratutako diru partidak. EAJk eta PSEk, baina, atzera bota dituzte guztiak.
Eta ez hori bakarrik, Xabier Olanok gogoratu duenez, “urtero, 350 milioi doaz Gipuzkoatik Madrilera, behar ez dugun eta nahi ez dugun Kupoa ordaintzera. Legealdi osokoak batuz gero, 1.400 milioi izango dira. Zenbakiak argiak dira. Gipuzkoan ekonomia sustatzen baino 7 aldiz gehiago erabiltzen duzue Madrili kupoa ordaintzeko. Urtean, 50 milioi ekonomia sustatzeko eta 350 milioi Kupoa ordaintzeko”.
Azkenik, EH Bilduk Mugikortasuna eta Lurralde antolaketa hobetzeko hainbat proposamen ekarri ditu plenora, adibidez, bidegorrien eraikuntza, eta Zarautzeko saihesbidea eraikitzeko zein Martuteneko biribilgunea handitzeko proiektuak.