Gipuzkoako Foru Gobernuak argi erakutsi du gaur akordioetara iristeko gaitasun eza eta borondate falta. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako Ogasun Batzordean atzera bota ditu EH Bilduk eta Podemos-Ahal Dugu taldeok 2018ko Aurrekontu proiektuari egindako 300 ekarpen baino gehiago. Aldiz, EAJ, PSE eta PP batu egin dira bozketa gehienetan beraien artean egitasmoak aurrera eramateko, eta beste batzuk oztopatzeko. Ondorioz, 2018ko Aurrekontu proiektuak ez ditu aseko, ezta urrunetik ere, gipuzkoarron beharrak.

Xabier Olano bozeramaileak batzordean azaldu duen bezala, EH Bilduk foru gobernuari kontu publikoak hobetzeko 85 proposamen egin dizkio, ia 60 milioi eurokoak. Gizarte Politiketan aurreikusten diren murrizketa larriak baztertzea eta adinekoentzako zerbitzu publikoak indartzea dira EH Bilduren eskaera nagusiak, baita ekonomia sustatuz, enplegu duina sortzeko ahalegin berezia egitea ere. Halere EAJk eta PSEk ezezkoa eman dizkiote koalizioak egindako proposamen ia guztiei. Salbuespen bakarra Euskarazko hedabideen laguntzak handitzeko emendakina izan da, EAJ, EH Bildu, PSE eta Podemos-Ahal Dugu aldeko bozketekin onartua.

Xabier Olanoren hitzetan, “oso kezkagarria da Foru Gobernuak erakutsitako itxikeria eta jokabide alderdikoia oposiziotik egindako zuzenketak sistematikoki baztertuz. EH Bilduren jarrera eraikitzailearen eta proposamenen aurrean, EAJk eta PSEk bere interesak soilik lehenetsi dituzte, herritarren beharrak alboratuz. Oposizioak lan arduratsua egiten du, baina gobernu honekin, nekez iritsi gaitezke akordioetara. ‘Rodilloa’ baino, ‘apisonadora’ – alperra, euskaraz - bat direla ematen du”.

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Bikotekideak etxeari su eman ostean zaurituta zegoen Iruñeko emakumea hil egin da. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du udalak eta mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.