EAJ-PSEren Foru Gobernuak Gipuzkoarako osatu duen Aurrekontu Proiektua oso kaltegarria da gipuzkoarrontzat, eta ez du balio enplegu duina sortzeko, ezta ere herritarrek behar dituzten gizarte zerbitzu duinak eskaintzeko. 2018ko Aurrekontu proiektuak ez ditu asetzen beraz, ezta urrunetik ere, gipuzkoarron beharrak. Horregatik, EH Bilduk osoko zuzenketa egin die aurrekontuei. Horretaz gain, 85 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, guztira, 58 milioi eurokoak. Bereziki, gizarte politikak eta ekonomia sustapena indartzera bideratuta daude.

Xabier Olano bozeramailearen hitzetan, Gipuzkoan behar handiak daudenean ezin da ulertu, are gutxiago onartu, Gipuzkoako Aurrekontu propioa 18,6 milioitan soilik igotzea eta Madrili ordaindu beharreko kupoa 104,2 milioitan igotzea. Aurreko urteko datuekin alderatuta, Aurrekontu propioa %2 igoko da; Udalen Fondoa, %4 eta Eusko Jaurlaritzari egiten zaioen ekarpena, %6. Aldiz, Estatuari ordaindu beharreko kupoa % 42. Aurreko urteko 246,9 milioiren ordez 351 milioi ordaindu behar izateak, dirutza hori Gipuzkoan ezin inbertitzea dakar. Dirutza hori oso ondo etorriko litzateke politika sozialak hobetzeko edo ekonomia sustapenean inbertitzeko.

“Etsipenez ikusten dugu, beste urte batez ere, Gizarte Politika ez dela lehentasuna Foru Gobernuarentzat eta atzera pausuak daudela. Horregatik proposatzen dugu departamentu horrek datozen bi urteetan berreskura dezan aurreko legealdian lortu zuen inbertsio maila, zehazki, Aurrekontu Orokorraren % 49,39. Datorren urterako gehikuntza horri esker, finantzatu ahal izango dira hainbat hobekuntza, adibidez, Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuan egin dituzten murrizketak (3 milioi) edo adinekoen egoitzetako 200 plaza berrien irekiera (2,9 euro).

Era berean, ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko ahalegina motz gelditzen da, eta baliabideak izoztu egiten dira datorren urteko Aurrekontu proiektuan. Horregatik, EH Bilduk zuzenketa partzialen bitartez eskatu du 2,4 milioi euro gehiago eta beste 700.000 euro enpresa txikiak, ertainak eta mikroenpresak laguntzeko.
Horrekin batera, zerga iruzurraren aurkako borrokan baliabide pertsonal ge-hiago jarri behar direla azpimarratu du Xabier Olanok, eta horretarako milioi bat eu-roko gehikuntza proposatu du. Era berean, ingurumena, elikadura burujabetza eta mu-gikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin du EH Bilduk bere zuzenketa partziale-tan, besteak beste, eta adostasun garrantzitsuetara iristeko borondatea erakutsi du.

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Gaur Gasteizen erail dituzten bi emakumeak ditugu gogoan; haietako baten bikotekide ohiak hil ditu. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.