EAJk eta PSEk Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) finantzatzeko udalei bideratzen zaien diru ekarpena murriztea onartu dute gaur Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Erakunde Arteko Mahaian. EH Bilduko ordezkariek erabakiaren kontra bozkatu dute, eta bere kezka adierazi dute murrizketek kolokan jarriko dituztelako adinekoentzako hain beharrezkoa den zerbitzu horren iraunkortasuna eta kalitatea.

Orain arte, gastuaren ia % 80 foru erakundeak ordaindu izan du eta gainerakoa, berriz, udalek. EAJk eta PSEk gaur hartutako erabakiaren ondorioz, Aldundiak 3.750.000 euro kenduko dizkie udalei hurrengo hiru urteetan. Murrizketak, gainera, aurten bertan hasiko dira: 903.861 euro gutxiago bideratuko dira bere inguruan bizi diren adineko pertsonei laguntzeko. Bapateko inbertsio jaitsiera horrek oso egoera larrian jartzen du zerbitzua, eta ezinegona sortu du udal gizarte zerbitzuetan, langile eta erabiltzaileengan.

EH Bilduk salatu du Diputazioaren hamaikagarren murrizketa soziala dela hau eta Foru Gobernua desegiten ari dela gizarte zerbitzuen sarea gure herrialdean. Oraingo honetan, Udalei inposatu dien foru finantzazioaren jaitsierak zuzenean eragingo die bere etxeetan bizi ahal izateko laguntza behar duten adineko pertsonei. Zehazki, ELZk 4.800 pertsona inguru artatzen ditu urtero Gipuzkoan.

Azpimarratu beharra dago, gainera, ELZaren eboluzioa kezkagarria izan dela azken hamarkadan, zerbitzua gainbeheran doalako, poliki-poliki, baina etengabe. Administrazio publikoen betebeharra gizarte zerbitzuak indartzea eta hobetzea denez, eta ez kontrakoa, EH Bilduk Diputazioari eskatu nahi dio murrizketak baztertzea eta ELZak behar dituen hobekuntzei buruzko eztabaida irekitzea.