Hamazazpi pertsona zauritu ziren atzo N-1 errepidean gertatutako istripuan, Irurako autobus geltokian. EH Bilduk bere elkartasuna adierazi nahi die zaurituei eta kaltetutako pertsona guztiei. Istripu larriaren ondoren, herritarrei arreta eta babesa eskaintzeak izan behar du orain guztion lehentasuna.

Era berean, ezinbestekoa da administrazio publiko ezberdinetako agintariei ardura eta berehalako neurriak hartzea eskatzea, horrelakorik berriro gerta ez dadin. Garraio publikoko erabiltzaileen, gidarien eta herritar guztien segurtasuna bermatzeko ardura erakunde publikoena da.

Zentzu honetan, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bildu taldeak otsailaren 22an ohartarazi zion Foru Aldundiari Irurako autobus geltokiak sortzen zuen arriskuaz. Mugikortasuneko Departamentuari zuzendutako idatziak horrela esaten zuen: “Iruran, N-1ean, Ibaiondo bailaran dagoen autobus geltokia arriskutsua da. Autobusak bertan gelditzeak arriskuak sortzen ditu trafikoan eta Lurraldebuseko erabiltzaileengan. Bai gidariak bai erabiltzaileak eskatzen ari dira Foru Aldundiak neurriak hartu ditzala”.

Martxoaren 28an iritsi zen Mugikortasuneko diputatu Marison Garmendiaren erantzuna, ardura bere gainetik kenduz eta adieraziz “autobus geralekuak mantentzea eta eraikitzea ez dela Mugikortasun Departamentuari dagokion eskumena”, baizik eta bere gobernuko beste foru diputatu batena. Nolanahi ere, Marisol Garmendiak bere idatzian honako hau adierazten zuen: “Laster batean segurtasun txosten bat eskatuko diogu Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari, erakunde eskudunei beharrezko diren segurtasun arloko hobekuntzak eska diezazkien, beharrezkoa bada, behintzat”.

Hilabete hauetan, ez dugu izan segurtasun txosten horren berri eta Aldundiak ez du hartu inolako neurririk. Horregatik, azalpenak eskatuko dizkiogu Foru Gobernuari, eta presazko neurriak hartzea Irurako autobus geltokiko segurtasuna bermatzeko.

Horrekin batera, EH Bilduk gogoratu du aurreko legealdian ikerketa bat abiatu zuela Diputazioak herrialdeko markesina guztien egoera aztertzeko. Azken bi urteetan, EAJk eta PSEk azterketa hori bukatzeko eta hobekuntza plan bat martxan jartzeko eskaerak blokeatu dituzte. EH Bilduk eskatu die bere jarrera berraztertzeko herritarren segurtasuna bermatze aldera Gipuzkoako autobus geltoki guztietan.