Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) finantzatzeko udalei bideratzen zaien diru ekarpena murrizteko asmoa gauzatu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zehazki, 3.750.000 euro kenduko dizkie udalei hurrengo hiru urteetan. Horrela erabaki dute gaur EAJ eta PSEko ordezkariek Eudeleko herrialdeko mahaian. EH Bilduk kontra bozkatu du. EH Bilduren ustez, egoera oso kezkagarria da, murrizketek kolokan jarriko baitute adinekoentzako hain beharrezkoa den Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuaren iraunkortasuna eta kalitatea. Murrizketak, gainera, aurten bertan hasiko dira, eta era bortitzean: 903.861 euro gutxiago jasoko dituzte udalek bapatean.

Diputazioaren hamaikagarren murrizketa soziala da hau, Foru Gobernua desegiten ari da gizarte zerbitzuen sarea gure herrialdean. Oraingo honetan, Udalei inposatu dien foru finantzazioaren jaitsierak bere etxeetan bizi ahal izateko laguntza behar duten adineko pertsonei zuzenean eragingo die. EAJ-PSEren Gobernuak gizarte politikarekiko adierazten duten mesprezua ikaragarria da. Administrazio publikoen betebeharra gizarte zerbitzuak indartzea eta hobetzea izan beharko luke, eta ez kontrakoa. Horregatik, berriro ere, EH Bilduk Diputazioari eskatu nahi dio murrizketak baztertzea eta ELZak behar dituen hobekuntzei buruzko eztabaida irekitzea.

Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzua izaera sozialeko zerbitzu publikoa da, bere ingurunean bizitzen jarraitzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko helburua duena. 4.800 pertsona inguru artetzen ditu urtero Gipuzkoan. Zerbitzua udalek kudeatzen badute ere, Foru Aldundiak % 70 finantzatzen du. Ondorioz, esan genezake ELZ administrazio ezberdinek parte hartzen duten gizarte baliabide garrantzitsu bat dela. Diputazioak, baina, aldebakartasunez erabaki du udalek jasoko duten finantzazioa gutxitzea: 2017an, - 903.861 euro; 2018an, - 2.321.928 euro; 2019an, - 3.750.000 euro.

Foru Gobernuak murrizketa justifikatu nahi du aurreko legealdian onartutako 2013-2016 Mendekotasunaren Arreta Hobetzeko Planean adostutako eskumen banaketarekin, baina datuak manipulatzen ari da. Izan ere, planak aurreikusten zuen, finantza doikuntza progresiboarekin batera, Etxez-etxeko laguntza zerbitzua zabaltzea eta indartzea, aurrekontua handituz. Are gehiago, aurreikusten zuen 2016rako 11 udal egoitza integratuko zirela Kabia foru erakundean, eta Diputazioak hartuko zituela kostu guztiak bere gain. EAJ-PSEren legealdi osoan, baina, ez da Kabian inolako integraziorik egon, ez udal egoitza ez eguneko zentroei dagokienez.

Bestetik, Foru Aldundiak ELZaren murrizketa estali nahi izan du aurreko legealdian Finantza Kontseiluan adostutako Gizarte Zerbitzuetarako 2017ko Funtsaren banaketarekin. Argi esan behar da funts horrek zerbitzu berriak edota gutxi garatutakoak finantzatzeko helburua duela, eta ez, besterik gabe, Aldundiak gastu korrontean egingo dituen murrizketak estaltzeko. Beraz, ez du zentzurik berriak ez diren bi zerbitzuen arteko finantza doiketaren gaineko eztabaidan nahasteak.

Azpimarratu beharra dago ELZaren eboluzioa kezkagarria dela Gipuzkoan, zerbitzua gainbeheran doalako, poliki-poliki, baina etengabe. Horregatik, EH Bilduk herrialde mailako akordio politiko zabala eratzea proposatu du herritarrengandik gertuen dauden bi administrazio publikoen artean, alegia, lurraldeko udalen eta Foru Aldundiaren artean. Akordio horren arabera, Aldundiak finantzaketan murrizketarik ez ezartzeko konpromisoa hartzen du, eta udalek gehiago inbertitzeko konpromisoa hartzen dute, zerbitzua hobetzeko nahiz zabaltzeko, eta langileei baldintza duinak bermatzeko helburuaz.