Euskal Herriko Justizia Epaitegi Gorenak atzera bota du Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko legealdian onartutako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planak ezartzen dituen kontratazio publikorako arauak, Estatuko Abokatuari arrazoia emanez. EH Bilduren ustez, oso larria da Espainiako Estatuak euskara eta euskaraz bizi nahi duen herria kriminalizatu nahi izatea. Horregatik, Foru Gobernuari eskatu dio euskaldunon eskubideak defenda ditzala, epaitegietan ere, Estatuko Abokatuaren erasoen aurrean.

EH Bilduk presazko ebazpena aurkeztu du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Foru Gobernuari eskatuz “Euskal Herriko Justizia Epaitegi Gorenak hartu berri duen epaia errekurritzeko bideari eutsi diezaiola, indarrean dagoen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bere organismo autonomoen jarduera esparruan 2013-2017ri dagokionean”.

EH Bilduk azpimarratu nahi du Espainiako Gobernuaren ordezkaria ez dela nor euskaldunoi zer egin behar dugun esateko. Gure instituzioak normaltasunez funtzionatzea oztopatu nahi du, eta gipuzkoarrok ezin dugu inposizio hori onartu, ez euskararen normalizazioaren kontrako erasoak. Horregatik, ezinbestekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak salatzea euskaraz bizi garenon aurkako Estatuaren inposizioa, eta politika egiteko duen eskubidea aldarrikatzea.

EH Bilduk bere konpromisoa berrestu nahi du herritarren hizkuntza aukeraren berdintasuna bermatzeko eta bi hizkuntza ofizialen arteko oreka berdintzeko politikekin.