Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapean dauden gizarte zerbitzuak pairatzen ari diren okertze sistematikoa oso larria da. Izan ere, egoitza guztietako itxaron zerrendek gora egin dute 2016an. Zehazki, % 5 eta % 62 bitarteko igoerak eman dira adinekoentzako eta desgaitasuna, buruko gaixotasunak eta gizarteratze beharrak dituzten pertsonentzako zentroetan. EH Bilduren ustez, argi dago Foru Gobernuak ez duela gure gizarte zerbitzuetan sinesten eta bere utzikeria onartezina da, horregatik eskatu du Diputazioak berehala jarri dezala martxan itxaron zerrendekin bukatzeko txoke plan bat.

Ernesto Merino batzarkideak azaldu duenez, Batzar Nagusietako EH Bildu taldeak egoitza-zerbitzu ezberdinetako itxaron zerrenden informazio ofiziala eta eguneratuta eskatu dio Foru Aldundiari. Datuak honakoak dira:

ZERBITZUA

2015-12-31

ITXARON ZERRENDA

2016-12-31

ITXARON ZERRENDA

IGOERA

Desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-plazak: 104 pertsona 109 pertsona % 5
Buruko gaixotasunak dituzten pertsonentzako egoitza-plazak 54 pertsona 58 pertsona % 7,5
Adinekoentzako egoitza-plazak 746 pertsona 893 pertsona % 20
Gizarteratzerako egoitza-plazak: 76 pertsona 123 pertsona % 62

 

 Datuek erakusten dutenez, gizarte zerbitzuen okertze orokor baten aurrean gaude, eta hori kezkagarria da gipuzkoar guztiontzat. Bereziki larria da gizarteratzeko egoitzetan itxaron zerrendak izan duen gorakada astronomikoa (% 62). Ernesto Merino batzarkideak gogoratu du “Foru Aldundiak Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL-AGI) ezabatzeko erabakia hartu zuenean, kanpaina propagandistikoa hasi zuela momentu hartan inprobisatu zuen Elkar-Ekin planarekin. Beraz, bereziki larria iruditzen zaigu Elkar-Ekin planarekin itxaron zerrendak hainbeste igo izana”.

EH Bilduren informazio eskaeren aurrean, Foru Aldundiak berriki esan du 20 plaza sortu behar dituela gizarteratzeko egoitza-zerbitzuetan. “Gure iritziz, poztekoa da plaza horiek sortzeko asmoa izatea, noski, baina urtebetean itxaron zerrendan 47 pertsona gehiago sartu direla kontuan hartzen badugu, argi dago ahalegin hori ez dela nahikoa izango”, adierazi du Merinok. Horregatik, plaza berrien kopurua igotzeko eskaera aurkeztu du Batzar Nagusietan.


Horri gehitu behar zaio, arestian aipatu dugun bezala, 1.400 familia jasotzen duten AGI delakoa 5 milioitan murriztu dela, eta gutxien dutenek jasotzen duten prestazio hori ordezkatzeko Aldundiak sortu duen prestazio berria soilik 198.000 euro izango dituela bere aurrekontuan eta soilik 50 pertsona babestuko dituela.