Gipuzkoako Foru Gobernuak aurrera egin nahi du erraustegiaren eraikuntzarekin, proiektu arriskutsu horrek jendartean sortzen duen kontrakotasunaren gainetik. Kezka, alarma soziala eta gatazka izugarria ari da sortzen Aldundia bere jarrerarekin. Horregatik, EH Bilduk berriro ere eskatu die EAJ-PSEri erraustegiaren inposaketa alde batera uztea eta herritarrekin akordioa bilatzea. Era berean, EH Bilduk bere babesa adierazi dio GuraSOS plataformak, “Elkarrekin. Adostasuna, besterik ez!” lelopean, igandean Donostian deitutako manifestazioari.

Herritarren eskaerei muzin eginez, erraustegiaren proiektuarekin aurrera egingo dutela berretsi du gaur Jose Iganacio Asensio diputatuak Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. EH Bilduko batzarkide Iban Asenjok gogoratu duenez, erraustegiaren proiektua nahas-mahas juridikoan blokeatuta jarraitzen du, eta auzibideak ez dira itxi: ingurumen baimenari buruz erabaki behar du Auzitegi Nagusiak oraindik; 2011n esleitutako beste planta baten adjudikazioa indarrean dagoela esan du sententzia batek eta, gainera, GuraSOSek salaketa bat sartu du hondakin plana lanak egin arte luzatu egin dutelako, eta legez kanpokoa da hori.

Beraz, epaitegietan izugarrizko katramila juridikoa dago, horrek Gipuzkoako Administrazio publikoentzat ekarri ditzakeen ondorioekin. “Baina benetako arazoa, benetan larria dena, ez dago epaitegietan, kaleetan baizik. Herritarrek akordioa nahi dute, behin eta berriro adierazi dute azpiegitura honekin ez dagoela kontsentsurik. Kezka, alarma soziala eta gatazka besterik ez du sortzen Aldundiaren jarrera. Hortaz, haustura sozialean sakontzen jarraitu beharrean, erraustegiaren inposaketa alde batera utzi eta akordioak bilatzea eskatzen diogu Foru Gobernuari. Kontsensu politiko edo sozial nahikorik ez egonda, irtenbiderik onena adostasun zabalak bilatzea baita”.

Beste alde batetik, gaurko batzordean Asensiok ahoz erantzun behar izan ditu EH Bilduk egindako hainbat galdera, idatziz eskatutako informazioa bidali ez duelako Batzar Nagusietara. Bertan, Gipuzkoako lohien tratamenduari buruz galdetuta, beste behin argi geratu da Diputazioak erraustegia justifikatzeko egindako prognosia era bat puztuta dagoela. Izan ere, lohiak agertzen dira azpiegiturak behar dituen tonak moduan, eta GHKk ez du inongo eskumenik lohiak Zubietako plantan erretzeko erabakia hartzeko. Gainera, EH Bilduk ohartarazi du gaurko araudiaren arabera ilegala dela lohiak erraustegian sartzea pretratamendua egin gabe.