EH Bilduren ustez, penagarria da Gipuzkoako Foru Gobernuak gaur erakutsi duen konpromiso eza emakume eta gizonen arteko berdintasuna, herritarren parte-hartzea eta langileen eskubideak sustatzeko. Izan ere, arlo horietan sakontzeko hiru ebazpen proposamen aurkeztu ditu EH Bildu taldeak Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran, eta bat bera ere ez dute onartu. EAJ-PSEk bere gehiengo osoa baliatu dute hirurak atzera botatzeko. Gipuzkoako herritarrentzat onuragarriak diren neurriak adosteko EH Bilduk luzatutako eskuari muzin egin dio berriro ere Markel Olano diputatu nagusiak, argi utziz bere Gobernuaren eredua inposaketan oinarritzen dela, eta ez akordioetan.

Lehenik, Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna (azaroak 25) gertu dela eta, Ainhoa Beola batzarkideak ebazpen proposamen bat aurkeztu du hainbat neurri eskatzen, besteak beste, eraso matxistei aurre egiteko inbertsioaren igoera. “EH Bildutik argi daukagu indarkeria matxistari aurre egiteko ezinbestekoa dugula berdintasun politikak baliabide tekniko zein ekonomikoz hornitu behar direla”, adierazi du batzarkideak. Foru Gobernuak, aldiz, kontra bozkatu du. Beolaren hitzetan, jarrera hau oso larria da, are gehiago kontutan izanda EAJ-PSEk aurkeztu berri dituen 2017ko aurrekontuetan hainbat murrizketa daudela:

  • Indarkeria matxistaren biktimentzako laguntza psikologikoa -21.000 eurotan murriztu da; laguntza juridikoa, -56.000 eurotan eta arreta eta bestelakorik, -29.000 eurotan.

Bigarrenik, Judit Garcia batzarkideak langileen eskubideak babesteko ebazpen proposamen bat aurkeztu du, hain zuzen ere, aurreko legealdian Gipuzkoako obra publikoetan sektoreko hitzarmen kolektiboa betearazteko eta langileen eskubideak bermatzeko Foru Araua aplikatzeko eskaerarekin. Garcíak gogoratu du “errepideen mantentze zerbitzuko langileek zortzi hilabete daramatzatela greban lan hitzarmena errespetatzea eskatuz, eta beste 11 langile 18 hilabetetik gora daramatzate langabezian, enpresa elkarteek, legedia urratuz, ez zituelako subrogatu”. Tamalez, Foru Gobernuak blokeatu egin du langile hauen eskubideen aldeko proposamena aurrera ateratzea, langileak babesik gabe utziz.

Azkenik, Ernesto Merino batzarkideak Foru Gobernuari eskatu dio sustatu ditzala gai ezberdinei buruzko herri-galdeketak, gipuzkoarrok modu zuzenean iritzia emateko aukera izan dezagun, bereziki kezka edota eztabaida soziala agerikoa den kasuetan. Era berean, proposatu du Diputazioak elkarrizketa eta adostasun ekimen bat abian jar dezala, Usurbil eta Zubietako herritarrek azken galdeketan adierazi zuten kezka eta nahia modu demokratikoan bideratu ahal izateko. EAJ-PSEk, berriro ere, herritarren parte-hartzea sustatzearen kontra bozkatu du, hirugarren aldiz ‘rodillo’ zorrotza aplikatuz.