EH Bilduren ustez zergen bilketan izan den %2,8ko jaitsiera berri honek eragin zuzena izango du bizkaitarron ongizatearengan

Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak kargu hartzerakoan egindako interbentzioan “epe laburrean” ez zuela erreforma fiskalik egingo eta ez zela murrizketarik egongo baieztatu zuen halere zenbakiek kontrakoa erakusten diote. Bizkaiko zergen bilketa %2,8 jaitsi dela jakin bezai laster Rementeriak berriro esan du zerbitzu publiko eta gizarte zerbitzuak “bere horretan” mantenduko direla. EH Bildun ordea kezkatuta gaude etengabeko jaitsiera honek bizkaitaron ongizatearengan eragina izango duelako.

Bizkaiko EH Bildun urteko lehen lauhilekoan zergen bidez jasotako diru bilketaren datuak “asaldagarriak” direla uste dugu eta Aldundiak aurrekontuetarako egindako aurreikuspenak ez zirela errealak baieztatzen du. Etengabeko jaitsiera hau kontutan hartuta EH Bilduk ezinbestekoa ikusten du Bizkaiko politika fiskala berrikustea: sozietateen gaineko zerga, ondarearen gaineko zerga eta abar. Gehien dutenek gehiago ordaindu behar dute Aldundiak gizarte politikak aurrera eraman ahal izateko diru nahikoa izan dezan.

Diru bilketaren datu berriak ikusirik EH Bilduk gaia Batzar Nagusietara eramango du, kontuetan murrizketak izango diren ala ez jakiteko batez ere defizita neurririk gabe handitzea ekiditeko. Bildu den diruan eman den jaitsiera hau guztion artean ordainduko dugu eta murrizketetan islatuko da. EH Bilduk argi dauka beste bidea badagoela, zergen diru bilketaren kudeaketan PNVren modeloak alternatiba baduela. Beste modelo honek pertsonen aldeko diru bilketa sistema aurrera eramaten du, pertsonekin batera, gizarte mugimenduekin, sektore aurrerakoiekin, udalen interesen alde. Ez dabilena aldatu behar da.