EH Bilduk elkartasun osoa adierazi nahi die langile kaltetuei. Erakunde guztiei dei egiten diegu, baita ere eragile sozialei eta jendarte osoari, indarrak batzeko enpresaren jarduerari normaltasun osoz ahalik eta arinen ekiteko.

Lehenengo eta behin, gure kezka adierazi nahi dugu ACB enpresaren harira iragarri den behin-behineko EREa dela eta. 500 lanpostu arriskuan daude. EH Bilduk elkartasun osoa adierazi nahi die langile kaltetuei, eta adierazi nahi die elkarlanean aritzeko prestutasun osoa dugula, alegia, euren esanetara jartzen garela mahai gainean jartzen dituzten neurriak babesteko. Hala, gure laguntza eskaintzen dugu lan uztea ahalik eta laburrena izateko eta jarduerari normaltasun osoz ahalik eta arinen ekiteko. Erakunde guztiei dei egiten diegu, baita ere eragile sozialei eta jendarte osoari, indarrak batzeko aldarrikapen hauek bete daitezen laguntzeko.

Bigarrenik, adierazi nahi dugu lan uztearen albistea eta ACB-ren plantaren etorkizunaren harira dagoen ezjakintasuna oso albiste txarra eta kezkagarria dela Euskal Herriarentzat, Ezkerraldearentzat eta Sestaorentzat. Beharrezkoa da berriro azpimarratzea Ezkerraldeko eta Sestao, herri honetan aldagai sozioekonomiko negatiboenak dituzten eskualdea eta herria direla, hurrenez-hurren. Albiste honek egoera ezkorra areagotzen du, ezbairik gabe. Eta iritzi diogu, egoera honen oinarrian edo sorburuan 80 eta 90 hamarkadetan porrot egin zuen berrindustrializazio industrialaren prozesua dagoela. Prozesu harek ez zuen, inondik inora, hainbeste saldu zuten industria ehunaren modernizaziorik ekarri; aldiz, berpiztu behar zuen industria hura desmantelatzea izan da prozesu haren emaitza. Behar beharrezkoa da Ezkerraldearen berpiztea ekarriko digun prozesu integral bat burutzea, zeinak berrindustrializazio programa estrategiko jakina izan behar duen oinarri. Ozen salatu behar dugu: erakunde publikoek bazterrean utzi nahi duten eskualde bateko biztanleak gara! Beharrezkoa da, lehentasun politikoen artean kokatzea Ezkerraldearen berrindustrializazioaren garrantzia.

Hirugarrenik, ACBk pairatzen duen krisia euskal industriak bizi duen egoera penagarriaren adibide bat da. Politika energetikoa erabakitzeko kontrolik ez dugunez, konpetibitatean atzera egiten dute gure enpresek, elektrizitatearen kostuak handiak direlako. Espezializazio eta innobatzeko gaitasun eza ere arazo larriak dira. 2013an Ikerkuntza, Garapen eta Berrikuntzarako inbertsioa EAEn %4,1 jaitsi zen, eta 2014an %2,1. Zifra horiek gezurtatu egiten dute erakundeek egiten duten propaganda maltzurra, eta tentelak baikina saltzen diguten ikerkuntzaren balizko sasi lidergotza bat.

Laugarrenik, behar beharrezkoa da planifikazio estrategikoa hobetzea eta baliabideak areagotzea, industria eredu sozial, jasangarri eta teknologiko bat bermatzeko bidean. Eredu horrek enplegua eta ongizatea bermatu beharko lituzke, eta arreta berezia jarri beharko luke hain egoera larrian dauden zonaldeak, Ezkerraldea kasu.