Attachments:
Download this file (Jantokitik jangelara EH BILDUren proposamena.pdf)Jantokitik jangelara proposamena [Jantokitik jangelara proposamena] 1867 kB
Egungo eredua agortua dagoela azpimarratu du indar soberanistak eta Hezkuntza sailak aldebakartasunez aurkeztutakoa “arduragabekeria” dela gaineratu du.

Asko hitz egiten ari da azken hilabeteetan eskola jantokien inguruan. Izan catering enpresek egindako ustelkeria kasuagatik, izan ikastetxeetan sukaldeak eraikitzeko ireki den zirrikituagatik, izan EAEko Hezkuntza Sailak kaleratutako normatiba aldaketarako azken albisteengatik, izan herri edota eskualde ezberdinetan sortu diren dinamika sozialengatik, eta abar luze bat.

“Elikadura burujabetza eta tokiko garapena oinarri, jantokiak gune ekologiko, osasuntsu eta hezitzaile bilakatzeko lanean ari gara instituzio ezberdinetan eta dinamika sozialetan” azaldu du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Legebiltzarkideak, gaur goizean Bilbon egindako prentsa agerraldian. “Gure helburua egungo jantoki eredua eraldatzea da, agortutako eredua berritu eta jantokitik jangelara salto egitea” esan du indar soberanistako kideak. Adierazi duenaren arabera, hezkuntza komunitate bakoitzak bere hezkuntza ereduaren gainean duen erabakitzeko eskubidea eta autonomia dira egin duten proposamenaren oinarri nagusiak.

“Gaur publiko egiten dugun proposamena eskola-jantokien inguruan EH BILDUk egiten duen ekarpena da. Alegia, eskola-jantoki eredu berri, burujabe, osasuntsu, ekologiko eta hezitzailea eraikitzeko EH BILDUren proposamena da gaur aurkezten duguna, jantokiak jangela bihurtzeko proposamena, alegia” gaineratu du Lopez de Arroyabek.

Legebiltzarkidea Mikel Kormenzana Bizkaiko Batzarkidearekin izan da. Azken honek gaineratu du: “erabat mugatua eta hertsia den jantoki eredua Bizkaiko hainbat tokietan eraldatzen ari gara. Jaurlaritzaren trabak gainditu eta bestelako jangela eredu bat bultzatu dugu tokian tokiko hezkuntza komunitateekin gure herrialdean.” Horren adibide dira, besteak beste, eredu-pilotoa duten Laukiz, Markina, Urduña eta Gernikako ikastetxeak edota maila sozialean antolatuak dauden Meatzaldeako, Durangaldeako edota Busturialdeko herri plataformak. “EH Bilduk, datozen hauteskundeetako herri programetan gaur aurkezten dugun jangela erdu berri baterako proposamena eramango dugu. Gure konpromisoa hezkuntza komunitatearen aldarrikapenari bide ematea izango da, orain arte egin dugun bezala” gaineratu du EH Bilduko ordezkariak.