Azaroaren hasieran Bizkaian metroaren hedapenari dagokionez Eusko Jaurlaritzaren jarrera aldaketa jakin izan zen. Arantxa Tapia sailburuak 2019ko aurrekontuen agerraldian azaldu zuen zein den bere sailaren egitasmoa. Horregatik guztiagatik Bizkaiko Foru Aldundiaren iritzia ezagutu nahi izan dugu goizean Gernikako osokoan egindako itaun baten bitartez. “Zertan geratzen dira orain arte egindako azterlan eta proiektu guztiak? Azterlan eta proiektu horietan guztira 4,5 milioi gastatu dira. Zakarrontzira botako al dituzte?” galdetu dio Unai Rementeria Ahaldun Nagusiari Zigor Isuskiza Batzarkideak. EH Bilduren ordezkariak urteetako promesen ostean sortutako esperantzak orain zapuzten direla argi utzi du. “Jendea engainatu duzue”.

EH Bilduk Galdakao eta inguruko eskualdeak kontutan hartuko dituen metrorako proposamena badaukala azaldu du Isuskizak bere interbentzioan eta Bengoetxe eta Aperribai ezin direla kanpoan geratu aipatu du. Horrez gain EH Bilduk bere kezka mahaigaineratu du Moyua-Rekalde linea bere osotasunean berraztertuko delako beste atzerapena jasanez.

EH Bildurentzat lehentasunetan dago gakoa eta hurrengo legegintzaldirako EAJk bereak argi utzi ditu: Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen luzapena, horretarako 200 milioi euro bideratuz.