Gaur egun Bizkaiko baso-masa gehiena pinuz eta eukaliptoz osatuta badago EAJren apustua argia izan delako da.

Proposamen honek baso-politika berri baten hasiera suposatuko luke, gure mendiak etorkizun sozial, ekonomiko eta ingurumen jasangarria bateruntz bidea egiteko oinarriak ezarriz.

Egia esan, jada Bizkaiko Foru Aldundiaren gobernuak iragarri zuen mendi Foru Arau proposamen berria eztabaidatzen eta adosten arituko ginela espero genuen. Hala zegoen islatuta departamenduaren programan legegintzaldi honetarako, baita 2018rako urteko arautegi planean ere. Halere inoiz izan den basoen krisirik larrienaren erdian gobernua paralizatua dago, proposamenik gabe, irtenbiderik gabe eta Bizkaiko gizartearen aurrean aurpegia eman gabe.

Horregatik politika orokorreko osokoan iragarri genuen moduan EH Bildutik pausu bat aurrera eman dugu gure foru arau propioa aurkeztuz. Honen bitartez baso-politikan aldaketarako oinarriak ezarri nahi ditugu, gure mendiek, ingurumenak, basoen sektoreak, egurraren sektoreak eta gainontzeko enpresa osagarriek duten erronkei soluzioa emateko asmoz.

Bizkaiko pinuek jasaten dituzten gaixotasun ezberdinak ez dira gertakari edo istripu bat, 40 urtez eman den monolaborantza eta gure baliabide naturalen ustiapen intentsiboen ondoren, aurretik jakin zitekeen emaitza dira: pinu eta eukalipto landaketak, makineri handia lanean, arraseko mozketak, lurzoruen higadura, pestizidak, lurren emankortasunaren galera… guzti honengatik basoen masa gaixotasunekiko gero eta ahulagoa eta kalteberagoa da; hala ezagutzera eman dugu Batzar Nagusietako batzorde askotan. Guzti honi gehitzen badiogu merkatu globalizatuan indar handiko ekoizleak sartu direla eta beraz prezioak izugarri jaitsi direla, ondorioztatu dezakegu gaur egin Bizkaian ez dugula ez baso-sektore ezta mendi jasangarririk ere. Monolaborantza eta kalitate baxuko egurren aldeko apustuak basoen sektorea kale itsu batean sartu du.

Baina nola iritsi gara nonetara?

Lurjabe gehienek pinuaren aldeko apustua edo orain eukaliptoaren aldeko apustua egin izana kasualitatea da, hautatzeko produkziorako ehunka espezie daudenean? Argi dago erantzuna ezezkoa dela.

Gaur egun Bizkaiko baso-masa gehiena pinuz eta eukaliptoz osatuta badago EAJren apustu argia izan delako da. Gogoratu nahi dugu Bizkaian 40 urtez jarraian daudela agintean, baso-politiken bidez, diru laguntza planen bidez, sektorean egiten duten industria politikaren bidez edo ta hazkunde azkarra duten monolaborantza landaketei aholkularitza teknikoa eta ikerkuntza finantzatzen eta pribilegiatzen.

Hau da, diru-laguntza publikoen bitartez, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren teknikarien aholkularitzaren bidez pinuaren bultzada ia esklusiboa eman da.
Eta bereziki egungo krisiaren arduraduna den EAJ ez du erreakzionatzen eta ixilik dago erantzun urgentea eskatzen ari den sektorearen aurrean.

Horregatik Foru Arau proposamen aurkezpen honekin EH Bildutik mahai gainean jarri nahi dugu egungo egoera konpontzen duen alternatiba. Urteak daramatzagu esaten, legegintzaldi honetan eta aurrekoan ere ikusi ahal izan denez, EAJren baso-politika ez zela jasangarria, ez ekonomikoki, ez sozialki, ezta ingurumenari dagokionez ere.

Soluzioa ezin da izan jasangarria ez den modelo baten alde egitea etengabean. Frogatu da ez duela funtzionatzen, horregatik orain pinuaren edo eukaliptoaren aldeko apustuan jo ta ke aritzeak ez dauka inolako zentzurik. Horregatik EH Bilduk aurkezten duen foru arau berriak, produkziorako modelo berrietara igarotzeko proposamena egiten du; espezie ezberdinen aldeko apustua egin behar da, kalitateko egurrak ekoizteko, ustiategiek errentagarritasun handiagoa izan dezaten eta egurraren industria laguntzailearen sektorea indartu eta garatu dadin. Era berean bertako espezieak babestu eta berreskuratuko dituzten politika publikoen alde egiten dugu, laburbilduz, basoak ekosistema bezala berreskuratuak izan daitezen.