EH Bilduk Bizkaiko Berdintasun Foru Arauaren Proiektua hobetzeko asmoz, 118 zuzenketa aurkeztu ditu

EH Bilduren ustez, Berdintasun Foru Araua ezinbesteko tresna da genero-ikuspegia Bizkaiko politika publiko guztietan txertatzeari begira. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu Berdintasun Foru Arau bat izatea.

EH Bilduk sakontasunez aztertu du aurkeztu den Foru Arauaren testua eta hainbat elementu positiboki baloratu ditugu, bereziki, Foru Arau bera izatea; bertan agertzen den konpromisoa aurrekontuen %1 berdintasun politiketarako erabiltzea; Bizkaian Lurralde Sarea osatzea edota Sail ezberdinetako politiketan hainbat proposamen plazaratzea. Hala ere, aurkezturikoa nahikoa ez zela ikusita, 118 zuzenketa aurkeztu ditu Berdintasun Foru Arauaren Aurreproiektua hobetzeko asmoz.

Asteartean, maiatzaren 12an, Enplegua, Gizarteratze eta Berdintasuna Batzordeak aztertuko ditu Bizkaiko Berdintasun Foru Arauaren Proiektuari aurkezturiko zuzenketak eta Foru Arauaren Proiektuari buruzko diktamena egingo du ekainaren 20ko Osoko Bilkuran Foru Araua eztabaidatu, eta hala badagokio, onartua izan dadin.
EH Bilduren ustez, Berdintasun Foru Arau ausartago bat behar dugu, egiten denarekin hain konformista ez dena. Gure ustez, feminismoa barneratzeak politika publikoen eraldaketa ondorioztatu behar du. Eta aurkezten den Berdintasun Foru Arauaren Aurreproiektua ez doa bide horretatik, dagoenari, egiten denari genero-ikutua eman, baina aldaketa handirik gabe.

Horregatik, EH Bilduk baloratzen du Foru Araua emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna gauzatzeari begirako urratsa dela, baina ez nahikoa.
Oraindik, ekainaren 20ko Pleno arte denbora dugu Foru Araua hobetzeko eta EH Bildu horretan arituko da, adostasun gehiago lortzen saiatzen, ahalik eta Berdintasun Foru Araurik hoberena lortzeko asmoz.

ZUZENKETEN NONDIK NORAKOAK

Adosteko bidean:
•    Mugimendu feministarekin elkarlanerako eta parte hartzeko gune bat sortzea ezinbestekoa da EH Bildurentzat. Zuzenketa ezberdinak egon dira (EH Bildu, EAJ+PSE eta Podemos) eta proposamen bateratua aurkezteko aukera dago.
•    Intersekzionalitatearen kontzeptua (emakumea izateaz gain, zapalkuntza ezberdinek elkar eragiten dutela kontuan hartu beharra) sartu da printzipio bezala, baina Foru Arauan zehar kontuan hartu beharreko kontzeptua izan behar duela planteatu dugu eta horren inguruan adostasuna lortu dugu, zuzenketak txertatuz edota erdibidekoak adostuz.
•    Emakumeen aurkako biolentziari buruzko artikulu bakarra zegoen eta kapitulu berezi bat sortzea proposatu du EH Bilduk. Honetan ere adostasuna lortzeko aukerak daude. Eta baita genero-biolentzia terminoaren ordez, biolentzia matxista erabiltzea.
•    Eta baita testua hobetzen zuten proposamen zehatzak, hala nola, praktika onak sustatzea, parekidetasuna bermatzea batzordeetan eta baita Foru Gobernuaren osaketan,…

Adostasunik gabekoak eta EH Bildurentzat funtsezkoak direnak
•    Aldundiaren Sail ezberdinetan, berdintasun-unitateak sortzea proposatu dugu eta bertan langile kualifikatuak (berdintasuneko formaziodunak) egotea.
•    Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Organoa, Ahaldun Nagusiaren Kabinetearen menpe egon behar du, EH Bilduren ustez, zeharlerrokotasuna bermatu ahal izateko
•    Berdintasun Foru Arauaren aplikazioaren ebaluazioa egin behar da era partekatuan, Berdintasun Kontseiluaren eta Aldundiaren artean sorturiko Ebaluazio Batzordearen bidez.
•    Emakumeen eta gizonen berdintasuna Bizkaiko foru-sektore publikoaren esku-hartzearen arloetan izenburuko III Tituluari dagokionez, ikuspegi zabalagoa izatea planteatu du EH Bilduk, eta ildo horretatik, Demokrazia Parte-hartzaileaz eta Zaintza duinei buruzko bi kapitulu berri sortzea proposatu dugu. Halaber, hainbat arlotan (fiskalitatean, ingurugiroan,…) proposamenak egin ditugu.