Industriarentzat eta zonaldearentzat kolpe latza den erabakiaren aurrean, EH Bilduko ordezkariek elkartasuna adierazi diete langileei eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote neurri horien aurka agertu dadila

Gaur Productos Tubulareseko zuzendaritzak jakinarazi du altzairu-fabrika itxi, 157 langile kaleratu eta besteen soldatak eta eskubideak murriztuko dituela. Erabaki horren aurrean EH Bilduk bere elkartasuna adierazi nahi izan die langileei. Horretaz gain,  Eusko Jaurlaritzari eskatu dio zuzendaritzak ezagutzera eman dituen eta langileei eta zonaldeari eragiten dieten neurri larri horien kontra agertu dadila.

Iker Casanova legebiltzarkideak gogoratu du 157 kaleratzeek eta fabrika ixteak proiektuaren jasangarritasuna kolokan jar dezaketela, beste 300 lanpostu arriskuan jarriz. “Erabakia kolpe latza izango da ia Ezkerraldean desagertua dagoen industriarentzat. Enpresako zuzendaritzak mahai gainean jarri duen plan hori bertan behera geratu behar da”, azpimarratu du gaur goizean langileekin batera egon den legebiltzarkidea. “Egindako proposamenak eta kudeaketa nolakoa izan den ikusita, soberan dagoena Guillermo Ulacia eta bere taldea dira”, gaineratu du Casanovak.
Gogoratu behar da zuzendaritzak altzairu-fabrika ixtea, 157 pertsona kaleratzea, beste langileen soldata %25 murriztea, urtean 24 ordu gehiago lan ezartzea eta osagarri sozialak kentzea aurreikusten duela.