Goizean Bizkaiko Batzar Nagusietan ospatu den Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasunerako batzordean, adineko LGTBIQ+ pertsonei arreta emateko egitarauak sustatzeko EH Bilduren arauz besteko proposamena onartu da aho batez. Kolektiboaren eskariari erantzunez pertsona horiek bazterketarik, arreta-ezarik edo indarkeriarik jasan ez dezaten lortzea izan da EH Bilduren helburua.

LGTBIQ+ pertsonen berdintasunaren alde pausuak eman diren arren, pertsona horiek nagusitu eta zentro espezializatuetan sartzen direnean edo adinekoen zentroren batera joaten direnean, "atzerapauso" prozesua egin ohi dute eta adinekoen sexualitatea ikusiezina izateari gaineratu egiten zaio gizartean dagoen LGTIBQ+fobia hori. “Adineko LGTBIQ+ pertsona izan eta orientazio sexuala gaur egun normaltasunez bizi dutenek salatu dute, 70 edo 80 urtera heltzen direnean ezin daitezkeela “armairura itzuli”, are gutxiago askatasuna zer den bizi izan dutenean. Adineko zentro eta egoitzetara doazenean, ez dute euren burua integraturik ikusten, ez zaielako ezberdintasuna aitortzen, euren belaunaldietakoak gizarte heteronormatiboan hezi izan direlako” gogoratu du batzordean Josu Unanue Batzarkideak.

EH Bilduk gogora ekarri nahi du adineko LGTBIQ+ gizataldeak aurreko mendetik datorren gizarte eta erakunde homofobiaren urte luzeko zama astuna daramala. Frankismoan, homosexualitatea kartzela-zigorra zekarren delitua zen. Asko eta asko familiak baztertu zituzten; beste batzuk armairurik ilunenean bizi ziran eta guztiak gaixotzat jotzen zituzten; guzti horrek eskutik ekarri du gehien-gehienak pertsona oso endekagarriak izatea, depresioak izatea eta euren burua eskubide bako pertsonatzat jotzea, bizi guztian horixe barneratu dutelako.

Horregatik guztiagatik EH Bilduren aburuz beharrezkoa zen pausu hau ematea eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko adinekoen elkarteekin lankidetzan, adineko LGTBIQ+ pertsonei arreta eta babesa emateko egitarauak sustatzea, aniztasunean eta giza eskubide guztienganako errespetuan oinarritutako gizartea guztion artean lortzeko helburuarekin.