Iker Casanova EH Bildu taldeko legebiltzarkideak ahozko galdera egin dio gaur Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari Productos Tubulares S.A.U. enpresaren egoerari buruz.

“Exijitzen dugu konpromiso osoa, exijitzen dugu egin duzuenaren ehuneko ehun eta hamarra eman dezazuen benetan Productos Tubularesen etorkizuna bermatzeko eta baita langileen lan eskubideak eta enplegua mantentzeko. Berriro Ezkerraldea eta berriro aurreikusten zen sektore batean, eta pentsatzen dugu aurretik egin ez duzuena hemendik aurrera egin behar duzuela, ni un despido en PT” azaldu du Iker Casanova legebiltzarkideak bere interbentzioan
Productos Tubulares S.A.U. enpresa 1992tik Galindo inguruan kokatuta dago, Trapagaran eta Sestaoren lurretan. Eremu horretan enpresaren bi lantegiak daude, altzairuaren ekoizpena egiten duena (Sestao) eta tutuak ekoizten dituena (Trapagaran). Enpresa Tubos Reunidos S.Aren taldearen parte da. Tubos Reunidosek 2005-2015 aldian 300 milioi euroko etekinak eduki ditu, horietatik 190 Productos Tubulares lantegien jarduerari esker. Etekin horien kontura, taldeak 90 milioi banatu ditu akziodunei denbora-epe horretan.

2018an aldiz, egoera aldatu da. EH Bilduren ustez sektorean dagoen abagunea aitzakiatzat hartuta, Productos Tubularesen zuzendaritzak langileei neurri zorrotzak aplikatuko dizkiela adierazi die. Enpresak langilegoaren %10aren kanporaketa, lan baldintzen kaskartze prozesu orokorra eta lan-hitzarmenaren aplikazioa bertan behera uzteko asmoa plazaratu du. Halere azken momentuan enpresak ez du plan honen aurkezpen formala egin, neurri are gogorragoak aztertzen ari denaren aitzakiarekin, sindikatuekiko bilera atzeratu zuelako.

Egoeraren honen aurrean, langileak greban daude, itxialdiak, manifestazioak eta beste mobilizazioak egiten ari direlarik. EH Bilduk aurreko kasuetan egin duen moduan bere elkartasuna helarazi nahi die langile eta familiei. Productos Tubularesen zuzendaritzak inposatu nahi dituen enpleguen eta lan eskubideen murrizketaren atzean, zuzendaritza horrek garatutako kudeaketa eskasa eta ikusmen estrategikorik eza daudela salatu nahi du EH Bilduk. Epe laburrean ahalik eta etekin gehien banatu beharreko jarrerak eta finantza ingeniaritzaren beste operazio ilunek, gehi negozioaren planifikazio desegokiari lotutako erabakiek enpresa egoera larrian jarri dute. “Sektore ziklikoa da eskari tontor eta bailarekin, une kaskarrean gauden orain eta enpresak duen zorrean islatzen da. Baina azken 20 urteotan pilatutakoa aztertzen badugu ziklo luzean enpresa errentagarria dela egiaztatzen da. Eta horretarako ikuspuntu estrategikoa et pazientzia izatea beharrezkoa da eta ez da gertatu bezain laster langileen bizkarrean ardura osoa ezarri behar enpresaren egoeraren inguruan erru gutxien dutenak baitira " azaldu du Casanova legebiltzarkideak. EH Bilduren ustez taldeak Productos Tubularesen ezarri nahi dituen murrizketak ondoren taldeko beste lantegietara eramatea oso mehatxu erreala da.

Gaur Eusko Jaurlaritzari eskatu diogu enpresa honen egitasmo industrial sendoaren diseinua bultzatu dezala eta despidorik eta lan eskubideen murrizketarik ez egoteko lanean aritu dadila.